GARA > Idatzia > Euskal Herria

Paueko prefeta, ikastolei soluzioa bilatzeko prest

Larunbateko mobilizazioaren segidan, Baionako Suprefeturako atarian 400 bat lagun elkartu ziren atzo ikastolen defentsan. Une bertsuan, Paueko prefetarekin bilera zuten Seaskako ordezkariek. Hendaiako arazoari irtenbidea bilatzeko borondatea azaldu zuen Estatuko ordezkariak.

p011_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Joan den astean Baionako suprefetak piztutako sua amatatzeko borondatea azaldu zuen atzo Pirinio Atlantikoetako prefetak. Pauen egindako bilkuran Paxkal Indori eta Hur Gorostiagari -Seaskako lehendakari eta zuzendari, hurrenez hurren- adierazi zien Hendaiako ikastolaren arazoaren konponbidea bilatzen dabiltzala.

«Aldez aurretik, gogorarazi zigun prefetaren zeregina legea betearaztea dela, baina egoera baretzeko nahia ere azaldu zigun», esan zuen Gorostiagak.

Ez zen hori izan ikastolei egindako erasoaren harira atzo burutu zen bilera bakarra, arratsaldean Colette Capdevielle Baionako diputatu sozialistarekin ere solastatu baitziren.

«Diputatuak ere bere borondate ona agertu du, baita gurekin elkarlanean aritzeko ere legearen baitan moldaketak sustatu beharko balira», azaldu zuen Seaskako zuzendariak. Capdeviellek Hezkuntza ministroak berrikitan agindutakoaren garrantzia azpimarratu zuela gaineratu zuen.

Elkarretaratzea

Izan ere, Eskolaren Lege berriaren proiektuan hizkuntza gutxituak «ahantzi» izanari buruz ostegunean Asanblea Nazionalean pausatu zizkioten galderei erantzunez, Vincent Peillon ministroak adierazi zuen martxoan, legearen eztabaidari ekiten diotenean, kontuan hartu beharreko gaia izango dela.

Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) presidente Frantxua Maitiak ere prefetarekin hitzordua izan zuen atzo. Ikastolak diru publikoz ezin direla lagundu gogoratuz Baionako suprefetak egindako ohartarazpenaren berri ukan bezain laster egin omen zion bilkura eskaera Lionel Beffre prefetari.

Bilera egin bitartean, 400 bat lagunek elkarretaratzea egin zuten 12.00etatik 13.00tara Baionako Suprefetura aitzinean. Bertan ziren, besteren artean, Izurako eta Hendaiako auzapezak eta hainbat hautetsi.

Espaloi gaina eguerdiko otordurako mahaitzat hartuta, Baionako Etxepare lizeoko irakasle batzuek eta dozenaka ikaslek ere bat egin zuten salaketa ekimenarekin.

Ikastolen defentsan izandako erreakzio azkarra nabarmendu zuen Paxkal Indok, Hendaiako manifestazioan izandako «parte hartze handia» aipatuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo