GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio | Kazetaria

Praka bakeroak

Hiru urte joan dira Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin bidaian izan nintzenetik. Denbora azkarregi doa. Baina batzuetan bada atzera egitera behartzen gaituen zerbait. Nahigabean denboraren lerrotik mugitzen diren zerak dira buruari atzeraka pentsarazten diotenak. Madrilen izan ginen. Luis de Pablo konpositore bilbotarrari egindako omenaldi kontzertuan. Asier Polo txeloarekin bakarlari gisa aritu zen orduan. Ederra kontzertua, eta are ederragoa ondoren etorriko zen afaria.

Zuzendaritza, musikariak eta prentsako hiru kide mahai biribil baten inguruan eseri gintuzten. Adiskidetze afari baten antza gehiago hartu zuen gaubeila hark, lagun arteko puska biltzea bezala, baina Madrilgo jatetxe txukun batean. Diplomaziaz ikasi nuen, zaintzaz eta elegante senaren askotariko aldeez. Zuhurtziaz, ordenaz eta atsegin izateaz. Pentsatzeaz, hausnartzeaz.

Donostiak badu musika klasikoarekin eta, oro har, kulturarekin lotura berezi bat. «Paris txiki» baten antza hartu izan diote askok, ez soilik arkitekturagatik, baita bizitzeko era «chick» moduko horregatik ere.

Klasikoaren munduak izan du beti elegantziarekin loturarik, baina ez beti egiazko den haririk. Askotan irudikatu izan dira emakume helduak, bisoia soinean, ustez glamourrez betetako ekitaldietara sartzen. Trajeak, soinekoak, takoiak eta palkoetatik eszenara begiratzeko katalejoak, makillajea, perfumea... Paris hura atzean aspaldi geratu zela ohartzea kosta egiten zaigu maiz. Egun, Orkestraren jarraitzaile asko helduak dira, egia da, baina baita mp3a belarrira itsatsita duten gazteak, GARAko irakurleak, musika ikasleak, haurrak, familiak...

Iñigo Alberdik berak esan zidan afari hartan Donostiak baduela oinarri pisutsu bat haiek egiten duten lanarekiko eta urteko abonuen kopuru handi bat Gipuzkoatik eratorria zela. Trajea eta gorbata soinean zeraman EOSeko zuzendariak egin zidan aitortza hura, ganora berean jantzita zegoen gerentearen alboan, orkestrako concertino-aren pajarita zuriaren aurrean... Eta ni neure ohiko praka bakeroekin. Ez zidaten horregatik, ordea, ogitartekorik eman. Bapo afaldu genuen denok. Eta neure esku balego ere, ez nioke Orkestrari bereizketarik egingo, ez nuke Bilbora eramango, neure burua lentejuelaz jostea bezalakoa litzatekeelako. Eta ez zait gustatzen. [@arianekamio]

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo