GARA > Idatzia > Euskal Herria

Beste nortasun baten atzean ezkutatzeko, prest daude dagoeneko mozorroak

Tradizio handiagoaz edo txikiagoaz, herri ugarik ospatzen dituzte inauteriak eta egun batzuez beste nortasun bat hartzea ezinbestekoa bilakatzen da. Umorea oinarri duen jai honi ekiteko suziriak bihar jaurtiko dira.

p015_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Beste norbaiten nortasuna hartzeko aukera ematen dute inauteriek. Batzuek ia egun batetik bestera erabakitzen dute nor edo zer izan nahi duten, eta beste batzuek, berriz, asteak ematen dituzte lehendabizi pentsatzen eta, gero, imitazioa bikaina izan dadin jantzia eta osagarri guztiak eskuratzen. Bihar hasiko dira inauteriak eta, beraz, bada dena prest izateko garaia.

Euskal Herrian jai hauekin lotuta leku ezagunik baldin badago, horietako bat da, zalantzarik gabe, Tolosa da. Herriko Plaza Zaharretik 12.00etan jaurtiko den suziriak emango die hasiera datorren asteartera arte iraungo duten jai koloretsuei. Aldez aurretik, hala ere, egongo dira ekitaldiak: Herrirak antolatutakoa (11.15 Triangulo plazan), Udal Txistulari Bandaren ohiko ibilaldia (11.30ean), eta Kabi-Alai elkartearena, non Poca Tripa Txaranga «Inauterizale Kuttuna» izendatuko duen (11.45ean).

Aurten, berritasun gisa, ww.tlsbat.net gunearen bidez -www.tolosakoudala.net-etik lotura jarriko da- zuzenean eskainiko dute txupinazoa. Giroa berotuz nola doan ikusi ahal izateko, 10.30 inguruan hasiko da emisioa, Ibai Iriarte alkatearen parte hartzearekin, Iñauterizale Kuttunarekin, eta abarrekin. Horrez gain, txupinazoa gor-mutuen hizkuntzan ere eskainiko da eraikineko balkoitik.

Donostiari dagokionez, Momo jainkosa hiriburura iristean hasiko dira ofizialki inauteriak. Aurten, gainera, hiria erre eta berriro eraiki zeneko bigarren mendeurrenak toki berezia izango du ekitaldietan.

Hain zuzen, Nerea Txapartegi Euskara eta Kultura zinegotziak mozorrotzeko orduan XIX. mendeko erara janzteko deia egin die donostiarrei, 1.813. urteari omenaldia egiteko. «Aurten girorik ez da faltako», esan zuen.

Erdialdeko kaleak zeharkatzen dituzten ohiko desfileez gain, Antigua, Gros, Egia eta Loiola auzoetan ere inauteriekin lotutako ekimenak egingo dira. Esaterako, Loiolako kultur etxean ostiralean, 18.00etan, mozorro tailerra egingo dute, eta Gazteszenan Gehituk «Bat, bi, hiru» festa antolatu du larunbaterako.

Udala eta konpartsak, muturka

Bilbon inauterien egitarauari dagokionez, desadostasunak daude Bilboko Konpartsen eta Udalaren artean, azken honek Kale Nagusian egin ohi den alde bakarreko desfilea krisi ekonomikoaren ondorioz bertan behera uztea erabaki duela-eta.

Horrez gain, Udalak, antolatu dituen ekintzekin bateragarria ez dela argudiatuta, Kale Nagusitik konpartsak igarotzeko baimenik eman ez izana kritikatu dute Bilboko Konpartsek. Zehazki, Aratustodromo gunea egongo da zabalik, Urkijo zumardiaren eta Moyua plazaren artean, 18.30etik 20.00etara. Salatu dutenez, gune honek 25.000 euroko aurrekontua izan du. Tarte horretan, hain justu, Bilboko Konpartsek desfilea egingo dute Abando plazatik eta Arriagara raino.

mozorro azoka

Larunbatean, 10.00etatik 14.00etara, Donostitruk-ek inauterietako bigarren eskuko azoka berezia egingo du, Easo kaleko suhiltzaileen egoitza zaharrean.

euria eta hotzA

Aemet-ek iragarri duenez, larunbata euritsua izango da, bereziki Gipuzkoan eta Bizkaian. Igandean bestalde, tenperaturak jaitsi egingo dira eta hainbat tokitan, euriaz gain kazkabarra ere botako du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo