GARA > Idatzia > Kultura

Donostiako EAJk EOS bertan gelditzeko eskatuko dio Lakuako Gobernuari

A. ARRUTI | DONOSTIA

Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS) eta Bilboko Orkestra Sinfonikoa (BOS) bateratzeko nahia azaldu ondotik, bere alderdikide Eneko Goiak EOS Donostian gelditzeko eskatuko dutela adierazi zuen atzo.

Bizkaiko Aldundia eta Lakuako Gobernua EAJren eskutan dagoela kontuan izanik, Goiaren esanetan, «alderdiak ez du gai honen inguruan bere iritzirik eman. Erakunde baten borondatearen adierazpena baino ez da izan», erantzun zuen.

Jose Luis Bilbaok «bere interesen defentsa» egin du Goiaren esanetan, portaera «legitimoa», bere ustetan. Berarekin kontaktuan jarri ote den galdetuta, berriz, «ez dut zertan», erantzun zuen Donostiako bozeramaileak.

EAJko udal taldeak datorren ohiko udal batzarrean egingo du eskaera, «benetan garrantzitsua delako hiriari egiten dion ekarpenaren aitorpena egitea eta Donostiarentzat 2016k aitzakia perfektua izan behar duelako benetako kultura hiriburu bilakatzeko».

PSEk ere berdin

EAJren ondoren, PSE alderdiak ere eskaera bera erregistratu duela jakinarazi zuen otsaileko ohiko udalbatzan eztabaida dadin. Ernesto Gasco bozeramaileak azaldu zuen gainerako orkestrekin kolaboratzeko eskatzen dutela baina «inolaz ere ez, beste behin ezabatu gaitzaten arrazionaltasunaren diskurtsoarekin, azkenean Donostia ezer gabe gelditzeko eta beste lurralde batek dena eraman dezan».

«Iritsi da momentua guztia Bizkaiarentzat bereganatzen duen Jose Luis Bilbao jauna geldiarazteko», gaineratu zuen, eta, EOSez gain, Urdaibaiko Guggenheim edo metroaren proiektuak aipatu zituen.

Donostiako PSEren iritzia bakarrik ez, Gascok nabarmendu zuenez, bere alderdi osoak dago EOS Gipuzkoan mantentzearen alde eta, zentzu horretan, adierazpena Batzar Nagusietan ere erregistratu dute. Cristina Uriarte Lakuako Kultura sailburuari galdegin diotela jakinarazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo