GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gipuzkoako Batzarrak, epaiketa politikoen aurka

Bildu, EAJ eta Aralarren aldeko botoekin, Gipuzkoako Batzar Nagusiek epaiketa politikoen amaiera eta Alderdien Legea bertan behera gelditzeko eskatzen duen proposamena onartu zuten atzo. Eztabaida hasi aurretik, Donostialdeko hamabost gazte auzipetuk euren egoera salatu zuten.

p015_f02.jpg

Oihane LARRETXEA | DONOSTIA

Gipuzkoako Batzar Nagusiek Bildu, EAJ eta Aralarren aldeko botoekin epaiketa politikoak bertan behera gelditu daitezela eskatzen duen proposamen bat atera zuten aurrera atzo. PPk eta PSEk berriz kontra bozkatu zuten. Koalizioak aurkeztu eta beste bi alderdiek babestu zuten proposamenak beste hiru puntu jasotzen ditu halaber, aipatutakoaz gain. Lehendabizikoa, euren eskubide zibil eta politikoak praktikan jartzeagatik inputatu eta zigortuak izan diren pertsona guztien berehalako askatasuna; bigarrenik, azken hamarkadan legez kanpo utziak izan diren gizarte erakunde eta politikoen legeztatzea; eta azkenik, hiritarren eskubide zibil eta politikoak bortxatzen dituen Alderdien Legea bertan behera geldi dadila eskatu zuten.

Proposamena eztabaidatu aurretik, goizean, Donostialdeko hamabost gazte auzipetuen ordezkaritza bat elkartu zen Bildu eta Aralarrekin. Hedabideen aurrean euren egoera salatu zuten; izan ere, otsailaren 13an, datorren asteazkenean, Auzitegi Nazionalak Segiko kide izatearen akusaziopean ezarri zieten sei urteko kartzela zigorra berrikusiko baitu. Zigorra berretsiz gero, kartzelatu egingo dituztela adierazi zuten.

Hain justu, egun horretarako elkarretaratzea deitu dute Donostiako Artzain Onaren katedralaren parean, 19.00etan, «Euskal gazteria, libre eta legala, torturarik ez» lemapean.

Garaira egokitzeko premia

Aldeko botoak 34 izan ziren eta, kontrakoak 13. Ez zen boto zuririk, ez abstentziorik egon.

Inko Iriarte Bilduko batzarkideak Ekaitz Ibero donostiarraren testigantza eraman zuen, Polizia espainolak 2007. urtean hura atxilotu zuenean inkomunikazioaldian jasan zituen torturak eta mehatxuak gogorarazteko. Hain zuzen, beste kausa batengatik, Iberori atzo amaitu zitzaion bere burua espetxean aurkezteko epea baina, egun batzuk lehenago iragarri zuena betez, ez zuen egin.

Markel Olano jeltzaleak alde bozkatzeko emandako arrazoien artean, gogorarazi zuen Segi legez kanpokotzat jo zutela «dena ETA da» ideiaren baitan. Argudioak politikoak izan zirela iritzita, «demokraziaren kalitatea» hutsaren hurrengoa zela begibistan gelditu dela erantsi zuen. Azkenik, gainerako alderdiei euren jarrera garai berrietara egokitzeko eskatu zien.

Rafaela Romero PSEko bozeramaileak «ezberdinaren errekonozimendua sustatzen duten proposamen ausartak» eskatu zituen, eta horretarako lana «elkarrekin eta modu pluralean» egin behar dela esan zuen.

PPk, berriz, Bilduri memoriarik gabeko irakurketa egin nahi izatea leporatu zion.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo