GARA > Idatzia > Kultura

Iluntasunari argia eta melodia jarriz, Gaur Ez nafarren lehena

Denbora luzez ondu ondoren osatu du Gaur Ez taldeak bere izen bereko lehenengo diskoa. Hamar kantu bildu dituzte bertan. Post hardcorearen eremu zabalean, Iruñea eta inguruko boskoteak gitarra eta oinarri sendoak landu ditu doinu melodikoekin batera.
p048_f07_148x95.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Taldearen izenaren moduan, pixkanaka atzeratuz joan da Gaur Ez-en diskoaren argitalpena. Izen bereko kantuan honela diote: «Egiaren itzalean ezkutatzen ikus ez nazan, baina oraindik ez nago prest, ez da garaia, noizbait zer esan jakingo dut, gaur ez». Baina azkenean ikusi du argia diskoak.

Alberto Porresen gidaritzapean, Iruñeko K estudioan grabatu dute diskoa hiru txandatan: 2011ko ekainean lau abesti, iazko ekainean beste lau, eta azaroan beste bi, hamar guztira. «Prozesua nahiko luzea izan da bai, hori ere nabaritzen da diskoan, gu aldatu gara eta nabaritzen da abesti batzuk beste soinu bat daukatela, nahiz eta moldatu ditugun pixka bat. Garapen bat nabaritzen dugu», azaldu zion GARAri Idoia gitarra jotzaileak.

Izan ere, taldea duela bost bat urte sortu zuten Xabik (baxua), Alfredok (gitarra) eta Patxik (bateria). Orain pare bat urte Idoia batu zitzaien gitarrarekin eta Baruke ahotsetan, baina Barukek eta Patxik taldea utzi zuten eta Julek (ahotsa) eta Julenek (bateria) osatu zuten boskote definitiboa. «Azken hauek sartzean aldaketak egon ziren bai soinuan eta bai entseatzeko erritmoan, eta bi urteko lanaren ostean diskoa atera da», laburbildu zuen Idoiak. Diskoa autoekoiztua izan bada ere, Gor diskoetxearekin dabiltza promozioan eta banaketan.

Bost buru, bost pentsaera... Baina bostek bat egiten dute estiloan gehien eragin dien taldea Funeral For A Friend izan dela. Post hardcorearen eremu zabal horretan kokatzen dira, «rock alternatibo post hardcore deitzen dio batek, nik beti esaten dut rock melodikoa dela eta badituela puntazo batzuk metal gehiagorekin eta beste batzuk pop gehiagorekin».

Hitzei dagokienean, gehienak Julek egin ditu, «esango nuke laburbiltzeko, arazo existentzialak kontatzen ditugula, kritika sozial apur batekin», azaldu zuen abeslariak. «Azkenean barrenetik ateratzen dena. Jendarte batean bizi gara eta nahitaez eragiten dizu kanpokoak, hori islatzen da», erantsi du gitarristak.

Lehenengo kontzertuak Nafarroan jo dituzte, «lagunen tabernetan, auzoko jaietan...», baina baita miresten duten Berri Txarrak taldearekin batera Totem aretoan eta Irurtzungo Pikurock jaialdian ere. Emarock elkartearen dokumentalean ere parte hartu dute Julek eta Idoiak. «Garrantzitsua ikusten dugu emakumeak agertokietan egotea eta hori bisibilizatzea, pentsaraztea jendeari zergatik dagoen hain emakume gutxi taula gainean».

Diskoa eskuetan, zuzeneko gehiagoren gogoz daude orain. Gaurez.com atarian aurki daiteke euren berri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo