Bertso Derry ekimenarekin, Irlandan asteburu bat pasatzeko aukera
GARA | DONOSTIA
Derry hiria 2013an kultura hiria izendatu dutela eta, Antzuolatik ekimen berezi bat jarri dute martxan. Asteburu pasa bat proposatzen dute, apirilaren 26tik 29ra bitartean. Loiutik irtengo den hegaldi propioa antolatu dute, ostiral gauean Irlandara iritsiko dena. Bertan, afaria izango da, larunbat eguerdian triki-poteoa, ondoren bertso-bazkaria Jon Maia eta Miren Amurizarekin eta bukatzeko, kontzertua Anje Duhalde eta Bik Mc Farlanekin. Igandea libre uzten dute norberak turismoa egin dezan, arratsaldeko 18.00etan hegazkina hartu eta 21.00etarako Loiun buelta.
Bidaiak 500 euroko kostua izango du bakoitzarentzat eta prezioaren barne daude hegaldia, hoteleko bi gauak, bertso bazkaria eta ondorengo jaialdia. Kontu korronte bat zabaldu dute -lehen 150 transferentziak hartuko dituzte kontuan zerrenda egiteko-. Bertsoderry@gmail.com helbidean informazio gehiago.