GARA > Idatzia > Ekonomia

FDSA sindikatuak irabazi ditu Paueko Nekazaritza Ganberako hauteskundeak

Jean Mixel Anxolabehere buru duen sindikatuak bozen %49,8 lortu du, eta hamasei eserleku izango ditu Pauen. ELBren eta Confédération Paysanneren zerrenda bateratuak bozen %35 lortuta, lau aulki izango ditu.

p030_f01.jpg

GARA | BAIONA

Atzo arratsaldean kaleratu ziren Paueko Nekazaritza Ganberaren bozetako emaitzak, eta lehen datuen arabera, FDSA sindikatua agertu zen garaile.

Izan ere, 2007an izandako bozekin alderatuta bost puntu galdu ditu sindikatuak, ozta-ozta bada ere %50ko langatik behera pasatu delarik. 3.326 bozekin (%49,8), 16 aulki lortu ditu Jean Mixel Anxolabehere baigorriarra buru duen sindikatuak. Duela sei urte baino aulki bat gutxiago izango du, beraz, FDSAk.

ELB sindikatua, lehen aldiz, Confédération Paysannerekin elkartu zen boz hauetarako, eta emaitzen arabera, bigarren indarra izan da. Orotara, 2.368 boz lortu ditu, %35eko emaitzarekin. Emaitza horiek eskuan, lau eserleku izango ditu Paueko Nekazaritza Ganberan. Aurreko bozekin alderatuta, bi puntu irabazi ditu zerrenda horrek. Hauteskundeetan parte hartzen zuen Coordination Rurale sindikatua, berriz, hirugarren zerrenda bozkatuena izan da 1.013 bozekin, eta, ganberan aulki bakar batekin geratuko da.

ELBren ordezkaritza

«1.000 bozen aldea atera diogu bigarren indarrari, beraz argazkia argia da», adierazi zuen Jean Mixel Anxolabehere FDSAko buruak bere sindikatuak lortu duen emaitza baloratzerakoan. Laurent Irigaraik, ELBren izenean, bere aldetik, «Le Journal du Pays Basque» kazetari egindako adierazpenetan, honakoa esan zuen: «Lau aulki horiek baliatuko ditugu eta ELB ordezkatua izango da Paueko laborantza ganberan». Baina, Irigaraik ez zuen zehaztu nola gauzatuko den ordezkaritza hori. Aurreko hauteskundeen ondotik ELBk hutsik utzi zituen Pirinio Atlantikoko Departamenduko ganberan lorturiko eserlekuak.

Ipar Euskal Herria

Atzo kaleratu zituzten datuak Pirinio Atlantikoko Departamendu osokoak dira. Gaur argituko da, xehekiago, hiru sindikatu garaileen artean zeinek izan duen boz gehien Ipar Euskal Herrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo