GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea

Perurena eta Izeta markak egitera doaz

p046_f02.jpg

J.L.

Harri-jasotzen marken asteburua izango da, izan ere, Perurena II.ak eta Izeta II.ak saiakera oso garrantzitsuak egingo dituzte.

Bihar 13.00etan Leitzako Amazabal pilotalekuan Inaxio Perurenaren ahalegina izango da. Perurena gazteak bere hirugarren ahalegina egingo du 300 kiloko harri errektangularrarekin. Bost minutu izango ditu jasoaldia eman eta 300ekoaren klubean sartzeko.

Aurreko bi saiakeretan ez du zorterik izan nafarrak. Lehenengo ahalegina Asteasun egin zuen, eta orduan oso gertu izan zuen bere helburua, harria bizkarrera eraman ere egin zuen, baina berdintzerako garaian kolpe handiegia eman zion, eta atzera ihes egin eta harria apurtu egin zen. Azkeneko ahalegina orain dela bi hilbete egin zuen, eta orduan ere ez zuen lortu bere helburua.

Egun hartan ere Leitzan egin zuen ahalegina. Bi aldiz saiatu zen harria bizkarrean berdintzen, baina bietan bularrera ekarri, eta handik gora ezin izan zuen eraman. Saralegi, Iñaki Perurera eta Gibitegi dira 300 kiloko zama hori gainditu duten hiru harri-jasotzaileak.

Izeta II.a, berriz, Mendaron arituko da, Urrezko Aizkorako finalerdiarekin batera. Aiarrak lan handiak hartu ditu, baina bi marka handi eginda utzi nahi ditu. Aritza harri-jasotzaile handiaren bi harri erabiliko ditu. Bata 137 kiloko errektangularra da, eta bestea, berriz, 100 kiloko kubikoa. Harriek 100 urtetik gora dituzte, eta orduko zahar horietakoak dira. Oraingoak baino zailagoak, eta Izetak gogotik bota beharko du izerdia. Ordu erdiko saioa egingo du, harri bakoitzarekin ordu laurdena.

Sokatira

Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketan urteko bigarren txapela banatuko da, 640 kiloko finala jokatuko baita gaur Durangon, Landako gunean, 17.00etan.

Orain arte bi proba jokatu dira, eta saio horietako sei onenek jokatuko dute azkeneko ekitaldi hau. Ibarra, Abadiño A, Ñapurrak, Zuraide, Murueta eta Berriozar lehiatuko dira. Orain arteko bi ekinaldiak ikusi ostean, badirudi txapela Ibarraren, Abadiñoren eta Ezpeletako Ñapurrak taldearen artean egongo dela.

Lehen fasean, Ibarra jaun eta jabe izan da bere multzoan jokatutako saio guztiak irabaziz, eta itxura paregabea emanez. Lehian ari den talde gipuzkoar bakarra da, baina maila handikoa da. Ñapurrak eta Abadiño, berriz, batera aritu dira, eta gainerakoei sekulako aldea kendu diete, eta bien artean lehia ikaragarria izan dute.

Beraz, badirudi txapela hiru hauen artean egongo dela, eta baita podiumeko hiru postuak ere. Hala ere, ezusteak beti izaten dira, eta beste hiru taldeak horretan saiatuko dira, hiru faboritoak mendean hartu eta podiumean muturra sartzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo