Itziar Arratibel, Martxel Toledo ESAITeko kideak
Injustiziarik ez, ofizialtasuna
Euskal txirrindulari hauei gertatutakoa ez da berria, hor dago sokatira arloan euskaldunei munduko txapelketa ofizialetan gertatzen ari zaiena, gastuak beraien poltsikotik ordaindu arren, gero, ofizialki, nazio gisa aritzekotan, Espainia ordezkatu beharra izaten dutelakoAsteburuan, Louisvillen (AEB) Munduko ziklokros txapelketa jokatu da, eta bertan Jonattan Lastra, Javier Ruiz de Larrinaga eta Aitor Hernandez euskal txirrindulariak izan dira Espainiako selekzioarekin eta maillotarekin lehiatzen.
Euskal txirrindulari hauek Munduko Txapelketan lehiatu ahal izateko, bidaia eta hotelaren gastua beren poltsikotik ordaindu behar izan dute, gero, Lastra eta Ruiz de Larrinagaren kasuan beraien taldeak, eta Aitor Hernandezenean, Ermuko Udalak laguntza eman badiete ere. Baina txapelketan parte hartu badute, beraiek bilatutako diru laguntzagatik izan da, Espainiako Federazioak, krisia dela-eta, argi utzi baitzien ez zuela euro bat ere Munduko Txapelketan gastatuko.
Kirolari orok lehiatzea eta ahalik eta emaitza onena lortzea du helburu. Eta kasu honetan, Jonattan, Javier, Aitorr eta beste hainbesterena ere hori izan da, Munduko Txapelketan parte hartzea eta ahal duten neurrian postu onena lortzea, datorren urtean, ziklokroseko rankingean ahalik eta postu onenean egoteko. Eta hori guztiz zilegi da, noski. Gure kirolariak gehiegi sufritzen eta sakrifikatzen ari baitira gero horrelako aukera alferrik pasatzen uzteko. Beraz, logikoa ere bada, egoera horren aurrean, Hirumet taldeak eta Ermuko Udalak txirrindulari hauei babesa eta diru laguntza ematea, finean, Munduko Txapelketa lehiatzea beraien izerdiarekin irabazitako saria delako. Aitorren kasuan, gainera, Ermuko semea ere badelako.
Baina guretzat, zilegi eta justua ez dena, besteak beste, Espainiako Federazioaren jarrera izan da, txirrindularien gastuetarako euro bat jarri gabe, UCIn dauden araudiak aprobetxatuz, euskaldunak Espainiako Federazioaren maillotarekin korritzera behartu dituztelako. Horrela, Espainiako Federazioak eurorik gastatu gabe lortu du Munduko Ziklokros Txapelketan ordezkatuta egotea. Eta hori, egun dauden araudiak ikusita, gure ustean, legezkoa izango da, baina bidezkoa inondik inora ez. Beraz, injustizia bat.
Afera honetan bada beste zerbait logikoa iruditzen ez zaiguna, gure agintarien jarrera. Euskal txirrindulari hauek, Jaurlaritzaren zein Euskadiko Txirrindularitza Federazioen aldetik, besteak beste, babes politiko eta ekonomikoa merezi zutelako. Baina, guk dakigunez, hutsaren hurrengoa izan da.
Baina, tamalez, euskal txirrindulari hauei gertatutakoa ez da guretzat zerbait berria, horrelako gertakariak beste hainbat kiroletan ere aspalditik bizitzen ari baikara, urrutira joan gabe, hor dago sokatira arloan euskaldunei munduko txapelketa ofizialetan gertatzen ari zaiena, gastuak beraien poltsikotik ordaindu arren, gero, ofizialki, nazio gisa aritzekotan, Espainia ordezkatu beharra izaten dutelako. Horregatik, azken urte hauetan ez dira nazio mailakoan aritzen, kluben artekoan baizik. Eta hori Espainiako herri-kirol federaziorik existitzen ez denean. Orduan, nola ordezkatu existitzen ez den zerbait? Lotsagarria benetan. Baina, tamalez, hori da nazio gisa, kirolean ere, Euskal Herriak nazioartean pairatzen duen errealitate gordina: ez garela aitortuak. Zentzu horretan, argi dugu, guztiok zerbait gehiago egin behar dugula, aipatu gertakari lotsagarri horiek, egungo egoeran ekiditen zailak izan arren, gehiagotan gertatu ez daitezen.
Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaria den Jon Redondok egun hauetan egunkari batean argitaratutako elkarrizketa batean ongi zioen moduan, gure selekzioaren ofizialtasuna eskatzea ez da besteei kalte egitea, bakoitzak berea defenditzea oso zilegi delako. Baina euskal txirrindulariei Louisvilleko Munduko txapelketan gertatu zaien bezala, Espainiako Federazioko arduradunei gure ofizialtasuna hanka tartetik pasatuz, piperpotoaren koloreak maillotean eramatera behartzen dutenean, bulego batetik ofizialtasuna eskatzearekin batera zerbait gehiago eta praktikoagoa egin beharko litzateke. Zergatik ez euskal txirrindulari edota sokatirakoei horrelako egoeretan bakarrik utzi beharrean, beraiekin bertara joan, babes politikoa eman eta, aldi berean, Nazioarteko Federazio horien aurrean dagokigun ofizialtasun horren zilegitasuna defenditu? Hori baita, gure ustean, besteak beste, pixkanaka-pixkanaka baina etengabe, zirimiri moduan gauzak egiteko ikusten dugun aukera eraginkorrenetako bat euskal selekzioaren ofizialtasuna nazioartean lortzeko. Horrela, gainera, euskaldunak serioak eta hitzeko jendea garela erakusteaz gain, gurea defenditzeko prestasuna eta seriotasuna ere erakutsiko genuke.
Abenduan euskal selekzioak Anoetan jokatu zuen partidaren harira, elkarlanerako egin genuen proposamenak mahai gainean jarraitzen du. Argi baitugu ofizialtasuna lantzen hasteko horren alde gauden eragile guztien parte-hartzea beharrezkoa dela, besteak beste, gure etsaien helburua, ofizialtasun aldarrikapen hori suntsitzea delako. Eta, aldiz, gureak, inoren aurka joan gabe, pausoz pauso bada ere, ofizialtasuna lortzea izan behar du. Gure ustez, egungo egoera politikoak horretarako ere inoiz baino aukera gehiago eta egokiagoak eskaintzen ditu.
Beraz, utz ditzagun ñabardurak alde batera eta heldu diezaiogun erronkari, esku artean dugunak merezi du-eta.