GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Euskararen normalizazioaren aurkako eskaera

Haurreskolak Partzuergoko hizkuntza proiektuan euskara eta gaztelania «behar bezainbeste txertatzeko» eskaerak, atzo Gasteizko Parlamentuak EAJren, PPren eta UPyDren botoekin onartu zuenak, hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialen haserrea eta erantzunak eragin ditu. Asmo horrek euskararen normalizazio prozesua arriskuan jarriko duela uste dute.

Gai horretan EAJ PPrekin eta UPDrekin lerratu izana harrigarria da, alderdi horrek ondo baitaki beste biek gezurrezko argudioen gainean salatzen duten hori ezarri nahi dutela; izan ere, bozeramaile jeltzaleak berak PPren legez besteko proposamenak oinarri dituen baieztapenak faltsuak direla esan zuen. EAJk ondo ezagutzen du, halaber, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hizkuntz errealitatea, non haur guztiek gaztelania ikasten duten baina haietako askok euskara ez. Eta badaki ikasle euskaldun eleaniztunak bermatuko dituen eredua Gasteizko Parlamentuan onartutako eskaerarekin bateraezina dela. Horiek horrela, arrazoi dute eragileek onartutako proposamena atzerapausoa dela esanda. Oraindik orain ikerketa batek erakutsi du gazteek eskolan erabiltzen dutela gehienik euskara, eta egitate positiboa da, zalantzarik gabe, izan litekeen bezain ona ez bada ere. Kezkagarriagoa da kaleko erabilera, EAJ, PP eta UPyD horrek kezkatzen ez dituen arren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo