GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

«In the parking»

Dirudienez, joan den irailean Leicesterko (Londres) aparkaleku batean egindako indusketan aurkitu zituzten gorpuzkiak Ingalaterrako Rikardo III.arenak dira. Haren hezurdura Leicesterko katedralean utziko omen dute, «merezi duen errespetua izan dezan».

Rikardo III.ak gerla galdu zuenez gero, ospe kaskarra du. William Shakespeareren «Rikardo III.a Erregeren bizitza eta heriotza» antzezlanaren arabera, sasikume galanta izan zen. Ez dakit, ba. Haren arbaso bat, Plantagenet leinuko ospetsuena -Lehoi Bihotza-, berriz, ezin onbera eta zuzenago agertzen da hamaika filmetan. Baina ez dirudi hain onbera eta zuzena zenik. Gurutzadetan harrapatutako milaka preso hil omen zituen, eta bortxatzaile fama ere bazuen -garai hartan horrelako txikikeriak, ohikoak zirenez, normalak ziren arren-. Eta diplomatiko zakarra zen. Siziliako erregeari, oker ez banago, hauxe esan zion behinola: «Ez ote zara isilduko!».

Rikardo III.ak, beraz, Plantagenet leinuaren tradizioari jarraitu baino ez zuen egin. Eta Shakespearek beste esaldi famatu bat jarri zuen haren ahoan, gudu zelaian oihukatu zuena: «Elefante bat! Nire erresuma elefante baten truke!».

Shakespearek baino lehen, ordea, Thomas Morek irudikatu zuen gizon mespretxagarri hura, «Rikardo III.aren Historia» obran. Haren erregealdia baino hobeto Enrike VII.arena ezagutu zuen Morek. Hura izan zen Ingalaterrako koroa atzeman zuen lehen tudortarra, Rikardo III.a garaitu eta hil ondoren. Nolanahi ere, konkista eskubidea izanda ere, tronurako zilegitasuna beste bide batetik ere lortu zuen -botere gose ez baina urdaiazpiko-jale amorratua izaki-, York-eko Anarekin ezkonduta, Rikardo III.aren arrebarekin, alegia.

Bigarren tudortarrak, Enrike VIII.ak, Thomas Moreri (eta John Fisher eta Thomas Cromwell lehen ministro eta konfiantzazko kontseilaria eta bizpahiru emazteri... besteak beste) lepoa mozteko aginduko zuen, Plantagenet leinuaren tradizio zaharra gogoan edo. Hil baino lehentxeago, Enrike VIII.ak, borreroari hainbesteko lana eman izana damututa, nonbait, esan omen zuen: «Biziki sentitzen dut, okertu naiz, ez da berriro gertatuko».

Bitxia, gero. Aparkalekutik atera dute errege ingelesa. Ez ote zen monarkia guztiak behingoz aparkatzeko garaia?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo