GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Alberto Barandiaran kazetaria, Hekimeneko zuzendari berria

p061_f02.jpg

GARA | BILBO

Alberto Barandiaran (Altsasu, 1964) kazetaria dugu sortu berria den Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteko zuzendaria. Ibilbide luzeko kazetaria da Barandiaran: «Euskaldunon Egunkaria»-n eta «Berria»-n hogei urtez lan egin du, eta beste hainbat hedabidetako kolaboratzaile ere izan da.

Historian lizentziaduna, Barandiaranek birritan eskuratu du Argia saria (1991n eta 1999an), baita Rikardo Arregi saria ere (1995ean). Besteak beste, «Ez zaigu ahaztu» (Susa, 1998), «Gaizkileen faktoria Hemingway eta euskaldunez bestea» (Euskaldunon Egunkaria, 2000), «Pasionaria» (Elkar, 1998) eta «Veleia afera» (Elkar, 2010) lanak ditu argitaratuta.

Euskaraz lan egiten duten hedabideen arteko elkarlana sakondu, eta euskararen hiztun komunitateak behar duen eredu komunikatiboa garatzeko sortua da Hekimen. Etorkizuneko erronkak direla eta, zera adierazi du Hekimenek prentsa ohar baten bidez: «Bi urteko lanaren ondoren, Euskal Herriko berrogeita hamar berripaper, eguneroko, aldizkari eta telebista inguruk erabaki dute etorkizuna hobeto asmatuko dutela gogoeta elkarrekin egiten badute, eta norberaren berezitasuna, independentzia eta erronkak aintzat hartuta, krisi garai honetan proiektu komun batzuk adostu daitezkeela».

Euskal Herri euskalduna lortzeko, Hekimen osatzen duten hedabideek (horien artean Gararekin batera zabaltzen diren «Gaur 8» eta «Zazpi Haizetara» aldizkariak) pentsatzen dute «komunikabide esparru indartsua behar» dutela.

Bestalde, garbi dute egun, «non erabilera den erronka nagusia, hedabideetan jokatuko dela, neurri handi batean, partida hori. Hurrengo urteetan euskarak hedabideetan izango duen presentziaren araberakoa izango dela etorkizuna».

Lau dira elkarteak aurreikusitako erronkak: Elkarteko kideen arteko harremana sendotzea; diru laguntza publikoak erabakitzen diren guneetan eragitea eta hitzarmenaren beharra azpimarratzea; publizitate instituzionala eta komertzial bateratuen aukerak aztertzea; eta hedabideen behatokia sustatzea.

«Ahalegin asko izan dira azken hamarkada hauetan euskaraz lan egiten duten hedabideen artean elkarte bat sortzeko -dio Hekimenek igorritako prentsa oharrak-. Orain da unea. Orain, euskal hedabideek ahots bateratua izango dute gizartearen eta instituzioen aurrean».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo