Ikurrinaren aldeko mozioa onartu dute Lekeition, EAJk bozketan parte hartu gabe
GARA |
Udaletxeetan espainiar bandera jartzeko behin betiko sententziari aurre egiteko, Lekeitioko Udalbatzak ikurrinaren aldeko mozioa aurrera atera zuen ostiralean, nahiz eta EAJk bozketan parte hartu ez.
Udaleko iturriek adierazi zutenez, jeltzaleak ardura alkatearengan, eta oro har, udal gobernuan jarri zuten. Honen eran- tzuna garbia izan zen: «Udala osatzen duten 13 zinegotziena da ardura. Mozio honen bitartez herri gisa erantzun bateratua ematea izan da. Horregatik, malgutasunez kontsentsuak bilatu ditugu, euskaldun eta abertzale orok bat egiteko moduko mozioa bilatuz». Halere, akordio ezinezkoa izan zen.
«Gehiengoari inposatuz»
Gehiengo osoa duen Bilduko botoekin onartutako testuan, «herri honen gehiengoak sentitzen duenaren» aurkako inposizio bat dela azpimarratzen da, Lekeitio «sinbolo arrotzekin identifikatuta ez dela sentitzen» nabarmenduz. Mozioak dioenez, ikurrina da herri honek «modu natural eta librean» bere sentitzen duen ikur bakarra, eta hortaz, ez dute epaitegien erabakia onartzen.
Historiako zenbait pasarteren aipamena ere egiten du mozioak, ikurrinak eramateagatik multak jartzen ziren edo euskal ikurrarekin lotu zitekeen adierazpen oro galarazita zegoen garaiak gogoratuz. Era berean, 1977ko urtarrilean ikurrina udaletxean aurrenekoz jarri zenean herritarren atxikimendu osoa jaso zuela nabarmentzen du.
Bide horretan, espainiarraren inposizioaren aurrean, «ezadostasun osoa» agertzen du mozioak, «espainiar banderak ez duela inoiz herri hau ordezkatu» argi utziz, eta hilaren 24an burutuko den herri ekimenerako gonbidapena luzatuz.