GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Ane Egino Laborda. Bergarako Zero Zabor taldearen izenean

Ingurumena, zero zabor eta praktika onak

Gipuzkoa Zero Zabor Gipuzkoan hondakinen arazoari aurre egiteko lanean dauden taldeen sinergia lortzeko sortutako eragilea da. Gipuzkoan hondakinen arazoa zertan datzan jakitera eman eta konponbidea gauza dadin eragitea da gure helburua. Konponbidea bilatze bidean Bergarako Zero Zaborretik gure herriko eremu guztietan egiten diren «praktika onak» ezagutarazi nahi ditugu.

Oraingo honetan gure herriko ikastetxe baten lana goraipatu nahi dugu. San Martin Agirre «Eskola jasangarri» izendatu dute. Eskola horrek urteak daramatza jasangarritasunaren bidea jorratzen, bere inguruko baliabi- deen arteko oreka mantendu nahian: paper birziklatua erabiltzen da, paperaren erabileraren murrizketa sustatzen da, uraren erabilpen egokia bultzatzen da, ahal den neurrian erosketak herriko dendetan egiten dira, material desberdina jasotzen da: pilak, CDak, mugikorrak, fotoko- piagailuaren tonerra, komuneko paperaren tutuak eskulanetarako... Baina ohikoak diren ekintzez gain, eskola honek berezitasun bat dauka, hain zuzen ere IPA (Ikasleen Partaidetzarako Antolaketa). Ikasleriaren partaidetza bultzatu nahi duen proiektua da; horretarako bost batzorde antolatu ditu, ikasleak eskolako bizitzaren eragile aktibo bihurtuz.

Batzordeak hauexek dira: Jangela Batzordea, hemen jangelarekin lotura dituzten gaiak tratatzen dira; jangelako arauak, bertan sortutako kezkak, zalantzak... Aurten paperezko ezpainzapiak baztertu eta oihalezkoak erabiltzen hasi dira. Epe laburrean jasangarritasunaren barruan beste gai hauek landuko dira: garaiko eta bertako produktuen erabileraren garrantzia, garraioak ingurumenean duen eragina produktuak urrutitik ekartzen direnean, ustiaketa masiboa, pestiziden erabilera... Ordezkarien Batzordean eskolako gai desberdinak lantzen dira: ingurumena garbi mantendu, elkarbizitzarako oztopoak gainditzeko bideak jorratu, jai jasangarriak bultzatu... Aurten tapoi bilketa bideratu da gaixotasun desberdinak dituzten haurrentzat. Patioko Jolasen Antolaketa Batzordeak astean birritan ikasleek antolatutako jolasak burutzen ditu patioan. Jolas hauetako batzuek berrerabilitako materiala erabiltzen dute (jolasteko boloak egin dira erabilitako esne botilekin). Agenda 21 Batzordeak tokian tokiko Agenda 21etik luzatzen diren proposamenak gauzatzen ditu eskolan. Momentu honetan herriko diagnostikoa egin ahal izateko eskolako familien kontsumoak neurtzen ari dira, egiten den hondakinen kudeaketarekin alderatuz. Gure Aztarnak Batzordeak jasangarritasuna bete-betean jorratzen du. Birziklapena bultzatzen du, kontsumoarekin eta ohiturekin lotura duten aurreko pausoak landuz (gutxiago kontsumitu, eta ahal dena berrerabili, hondakin gutxiago sortzeko). Gainera, batzorde honetatik antolatzen da eskolako hondakinen jasotzea. Astean behin Lehen Hezkuntzako ikasleek, adinak nahastuz eta bikoteak eginez, geletan aurretik berezituta dauden hondakinak jasotzen dituzte. Sailkatzen dira batetik papera eta kartoia, bestetik ontzi arinak, baita idazteko tresneria eta azkenik saski-naski (organikoa+errefusa). Jasotzea bukatu ondoren, hondakin gehienak eskola kanpoan dauden kontenedoreetara eramaten dira. Idazteko tresneria Terrcycle enpresara bidaltzen da, lortutako dirua premia bereziak dituzten haurren elkarteetara bidaltzeko.

Antolaketa honek partaidetza bultzatzeaz gain, baditu beste helburu batzuk; esaterako, euskararen ahozko erabilera erreala eta esanguratsua, elkarbizitza, jasangarritasuna eta tutoretza.

Aurreko astean antolatu duten «Ate irekiak» ekimenak materiala berrerabiltzearen aldeko apustua egin du. Etxetik ekarritako materialekin tailerrak antolatuko dituzte: botatzeko dauden latexeko eskularruekin pilotak egingo dira, jogurt poteekin maraka tailerra antolatuko da...

Benetan txalogarria Bergarako San Martin Agirre Eskolak egiten diharduen lana. Eredugarria izateaz gain, edozein ekintzaren aurrean jarrera jasangarria izan dezakegula erakusten digu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo