Julen MURGOITIO
«Beltzguneak» bide-bazterretan
Bada bai, lur-mugimenduak nonahi, edozer hartuta aitzakia. Erritmo horretan segituz gero, Lurra lur barik geratuko da, lehorraldean behintzat, lur guztia ozeanoratuta. Kolpea gero!, batez ere kostaldeko arrain-espezie askorentzat kolpea, ahoa zapal bihurtu artekoa! Tira, lehorraldea deitzea ere, blai-blai ez dagoena mela-mela eginda! Enfin, harira. Lurra ateratzen ibili ziren lehengoan Londresko nonbait, aparkaleku bat aitzakia, eta hara!, zer topatu eta gorpuzkiak! Ez, dirudienez, ez zeuden ordain-kutxaren ondoan, oraindik horrelakorik ez da eta. Gorpuzkiak, bai. Ikerketan hasi eta horra, Ingalaterrako ez dakit zein erregerenak direla ondorioztatu! Ez dakit zein, baina hirugarren, omen. Litekeena da lehenengoa eta bigarrena ere inguruan izatea, gorpuzkin izan ere, seguruenik. Aparkalekua hilobi hartzea ere, ez hain urrun zabortegiak izanda!
Dena dela, zorte ona-edo izan dute paraje hartako monarken zaleek, gutxienez gorpuzkiak topatuta! Nafarroako sendi askok oraindik bete ez duten zortea. Zenbat gorpuzki ez ote ziren topatuko, anabasan topatu beti ere, herrialde horretako errege-bide bazterretan aparkalekuak egiteari eutsiko baliote! CSI Nafarroa serie luzea egiteko beste, eta atal bat bera ere errepikatu gabe. Kontua da ez dutela hori emititzeko ganorazko telebista publikorik, eta ez lizentzia faltagatik! Eta herrialdetik atera gabe hauxe ere, EH Bilduk ideien euria izeneko jardunaldia iragarri berri du. Kolpea gero! Dudek asalduta nago, eraldatzeko baldintzak sortu behar zituen koalizio horrek zer eta ideien euria! noiz eta negu honetan! Horixe falta zitzaiguna, euri gehiago!, ideiena bada ere. Imajinatzen nago errekak gainezka egin eta inguruko soroak ideiaz beteta... asmoa bada ideiak ereitea, ondo, txalotu egiten dut. Ideia-oldeak eta denak auzolanean!
Herrialde hori ez den besteetara etorrita, hara Arartekoak bota berria: Ertzaintzan «beltzguneak» direla! Euskal hiztunen eskubideez ari zela erreparatu aurretik, erakunde horretako militanteek jipoitutako herritarren gorputzeko beltzuneak pasatu zitzaizkidan buru aldetik. Berrikitan hildako batenak ere bai, ezinbestean. Krisia krisi, ea behingoz batzen dituzten erakunde hori eta Euskadiko Orkestra, orain arte Barne Saila izandakotik bestelako doinuak zabaldu daitezen...