GARA > Idatzia > Mundua

Webgune batek Alemaniako beste ministro plagiatzaile baten dimisioa eragin du

Orain bi urte Karl Theodor zu Guttenberg Defentsa ministroak kargua utzi beharra izan zuen doktore-tesia plagiatzeagatik. Kasu hura salatu zuen webguneak Hezkuntza ministroaren dimisioa eragin du orain.

GARA | BERLIN

«Karguak ezin du horrelako kalterik jasan», esan zuen atzo Anette Schavan Hezkuntza eta Zientzia ministroak dimisioa emateko erabakia azaltzean. Kargua utzita, Gobernuari eta Angela Merkel kantzilerraren alderdiari kalte egitea saihestu nahi du Schavanek, legegintza hauteskundeak egiteko zortzi hilabete besterik falta ez direnean karga astunegia bailitzateke plagioaren kontua, arerioek baliatzeko moduko eskandalua.

Merkelek bere lagun minenetako baten dimisioa onartu behar izan du, kalte politikoa murriztu nahian. Ez zuen beste erremediorik, joan den asteartean Dusseldorfeko Unibertsitateko Filosofia Fakultateko batzordeak orain 33 urte lortutako titulua kendu egin baitzion Schavani. Ministroak «Pertsona eta Kontzientzia» izeneko tesia egin zuen, baina berea ez zen idazlan baten testua sartu zuen «nahita», eta iruzurra frogatuta dagoela adierazi dute aipatu unibertsitatekoek.

«Bihotzean mina eman dit, baina dimisioa onartu dut», esan zuen atzo Merkelek kazetarien aurrean. Kantzilerraren esanetan, Schavan Alemaniako historian izan den «Hezkuntza eta Zientzia ministrorik entzutetsuena izan da».

Begiraleek nabarmendu dute Angela Merkelek ez duela inoiz era horretan goraipatu bere ministroetako bat, kargua uztera doanean. Eransten dute atzo kantzilerrak Schavani eman zion tratu hurbila ez dela batere ohikoa, normalean errespetu osoz baina distantziak gehiegi murriztu gabe tratatzen baititu bere ondokoak. Schavan lagun mina zuen eta horregatik tratua ere ezberdina zuen.

Atzo kargua utzi zuen ministroak ia bi agintaldi bete ditu Gobernuan: zazpi urte. Kargu berean denbora gehien egin duena da Annette Schavan, eta lehenagotik ere bazekien zer den Hezkuntza eta Zientzia Ministerioa zuzentzea, Baden-Württemberg estatuan hamar urte egin baitzituen arloko ministro moduan.

Teologian, Filosofian eta Pedagogian lizentziaduna, Gobernukoek zein oposiziokoek goraipatu izan dute Schavan, azken urteotako Alemaniako politikaririk trebeenetakoa delakoan.

Berak dio ez zuela plagiorik egin eta epaileengana joko duela akusazioak hankaz gora bota nahian, baina badaki horretarako denbora asko beharko duela, hilabeteak, urteak ez badira, eta Merkeli eta bere alderdiari egin diezaiekeen kaltea saihesteko, kargua uztea erabaki du. «Die Zeit» astekariak egin duen inkesta baten arabera, herritarren %60k beharrezkotzat jotzen du ministro kristau-demokratak kargua uztea. Alderdi bereko Johanna Wankak hartuko du Schavanek utzitako kargua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo