GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

BEREZKOAK Hondarribia-Irun

Arrangoitzen abiatuko da finalerdietako ligaxka, Waltari eta Ozafrain, egungo bi onenak, lehian direla

Jon LEUNDA

Iritsi da finalerdietako ligaxka. Hiru partida, hiru jardunaldi eta bi onenek jokatuko dute Baionako finala. Gainera, gaurtik aurrera iazko bi onenak, Waltari eta Ozafrain, lehian sartuko dira, eta askorentzat beraiek dira aurtengo finala jokatzeko ere faborito nagusiak.

Arrangoitzeko trinketean jokatuko da lehen jardunaldia 16.00etan hasita, eta lehen partida oso erakargarria da. Aurrez aurre, Waltari, azken urte hauetako txapelduna, eta Paxkal Ezkurra, Kubakoa txapelak pilatzen hasi aurretik irabazten zituena. Norgehiagoka hau beti izan da erakargarria, finalak ere asko jokatu dituzte elkarren aurka, baina Urruñakoa ez da lehengoa. Lesio ugari ere izan zituen, eta asko ari zaio kostatzen lehengora itzultzen. Aurtengo Buruz Burukoa mimo handiarekin prestatu du, eta finalerdietan sartzea beretzat handia izan da, eta lortu zuen bezala lortzeak indar handia emango zion.

Harizmendiren aurkako kanporaketa oso gogorra izan zuen, partida guztian zehar atzetik joan zen, baina unerik zailenean buelta eman eta garaipena lortzeko gai izan zen.

Waltariri buruz ez dago ezer asko esatekorik. Kubakoak ez du Superprestigioa irabazi, eta arantza hori kendu nahiko du. Txapelduna da, baita aurten lortzeko faboritoa ere. Gaur ere dirua bere alde egongo da, eta partidan zerbait gertatzen ez bada, hasieran, behintzat, ez du jendeak diru asko jokatuko.

Jarraian Etxeberri eta Ozafrain kantxaratuko dira, finalerdi hauetako gazteena eta zaharrena. Etxeberrik ere lan asko egin behar izan zuen final-laurdenetan, baina itxura bikaina eman zuen, eta saketik min handia egin dezakeela erakutsi zuen. Bere gaurko helburuetako bat hori izango da, saketik ahalik eta minik handiena egitea. Patrick Ozafrainentzat lehen partida izango da. Iaz bigarren geratu ostean, aurten ere, gutxienez errepikatu egin nahiko du. Eskarmentu handia dauka, eta pazientzia ere bai. Badaki aurkariak nerbioekin arazo asko izaten dituela, eta saiatuko da aurkaria urduri jarri eta ahalik eta etekinik handiena ateratzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo