ESKALADA Norvegia
Andy Kirkpatrickek Troll Wallen neguko lehen igoera sinatu du
Hain zuzen ere, «Suser gjennom Harryland» bidea (VI, A3, 5.10b) igo du. 650 metro luze da, eta hura eskalatu ahal izateko, hamalau egun behar izan ditu. Bide osoa sokaburu egin zuen, eta zero azpitik 20 ºC-ko tenperaturari egin behar izan zion aurre.
Andoni ARABAOLAZA
Troll Wall (Trollveggen norvegieraz) oso ezaguna da Europan. Alabaina, hormatzar horrek oro har soilik ingurumari hartako eskalatzaileen bisitak jasotzen ditu. Erakargarria da oso, baina, era berean, «izu» pixka bat eragiten du. Ipar murru bat da, oso bertikala eta Europako garaienetakoa. Kilometro bateko erakusleiho ikaragarri horretan eskalatzen duen orok diedroak, sabaiak eta artesi sistema asko aurkituko ditu. Den-dena, gainera, gneis izeneko arroka oso puskatuan.
Bada, ezaugarri horiek guztiak kontuan hartuta, ipar pareta gogor horretan goi mailako jardunak egin dira. Norvegiako klimatologia kontuan hartuta, ia denak, gainera, uda aldean. Hala ere, badira neguan ausartu direnak. Adibide bakarren horietakoa Andy Kirkpatrickek eman digu.
Eskalatzaile britainiarrak arantza bat zuen askatzeko; hots, neguan bide bat poltsikoratzea zuen xede. Eta horretara abiatu zen pasa den urtarrilean. Abiatu eta lortu zuen; izan ere, «Suser gjennom Harryland» bidea (VI, A3, 5.10b) igo zuen. Hau da, marra horren neguko lehen igoera sinatu zuen. Jardun bikain hori poltsikoratu ahal izateko, 14 egun behar izan zituen. Eta espero zen bezala, baldintza gogorrei egin behar izan zien aurre. Besteak beste, -20 °C-ko tenperaturari.
Kirkpatricki aitortu behar zaio Troll Wallen baduela eskarmenturik. Bai udan, bai neguan hainbat bide eskalatu ditu. Datu esanguratsu bat: aipatu dugun bidea duela bi urte bakarka igo zuen. Ez zuen amaitzeko aukerarik izan, azken luzea askatzeko 30 metrora geratu baitzen.
Hau guztia irakurrita, ondoriozta daiteke britainiarra prest zegoela marra hori neguan egiten saiatzeko: «Duela bi urte koska txiki bat gainditzea falta izan zitzaidan. Ordutik, bidea neguan amaitzeko gogo izugarriarekin nengoen. Aitortu behar dut neguko marra ikaragarria dela, nahikoa segurua eta oso tentea».
Marka ederra lerrootako protagonistak erdietsi duena. Ez da lehena neguan saiatzen. Sigurd Backe, Rolf Bae, Sigurd Felde eta Trym Saland laukote norvegiarra zorian egon zen. Neguan hasi zuten igoera, baina amaitu martxoaren 21ean amaitu zuten. Beste era batera esanda, udaberrian bukatu zuten.
Bere xedea aurrera eramateko, Kirkpatrickek ez zuen batere erraz izan. Izaera horretako eskalada batek asko eskatzen du, eta ez dira asko bat egiten dutenak. Hala ere, britainiarrak bi sokakide lortu zituen: Aleksander Gamme eta Tormod Granheim. Biak ala biak norvegiarrak, baina ez batak ez besteak ez zuten eskarmenturik hormatzarretan.
Pasa den urtarrilaren 15ean, hirukotea paretaren sarreran zen. 29an, berriz, bidea amaitzea erdietsi zuten. Marra horrek 18 luze ditu, baina, berez, ez zuten hormatzarraren erdiko eremuan zabaldu. Murruaren ezkerraldean da, baina, haatik, proposamen gogorra da.
Xede latza
Aurreratu dugunez, britainiarrak ondo baino hobeto ezagutzen zuen pasa den hilean eskalatu duen bidea: «Marraren nondik norakoak ondo baino hobeto ezagutzeak asko lagundu nau. Aitortu behar dut, oro har, eguraldia lagun izan dudala. Nahiko lasai zegoen, baina, hori bai, espero nuen bezala hotz handia egin zidan: -20 gradu. Horretaz gain, haizerik apenas eta elurra igoeraren azken bi egunetan. `Suser gjennom Harryland' marra teknikoa eta oso tentea da. Marraren zati asko plaketan eskalatzen da. Bilera guztiak paraboltekin daude, eta beste bakan batzuk bidean sakabanatuta; horietako batzuk, gainera, nahiko egoera kaskarrean zeuden. Rivet, berun, iltze... bakan batzuk eta besterik ez. Hitz batean esanda, oso material gutxi dauka».
Kirkpatrickek den-dena argi zuen, soilik sokakideak behar zituen. Bati eta besteari proposatu, eta den-denek ezezkoa eman zioten. Inork ez zuen Troll hormatzarra neguan igo nahi: «Batzuek zioten oso arriskutsua zela; bestea batzuek, aldiz, ipar pareta latza zela. Azkenean, bi norvegiarrek bat egin zuten nire xedearekin. Jakin banekien hormatzarretan ez zutela batere eskarmenturik. Erabaki burugabea izan daiteke, baina nire kideak oso gogorrak dira, eta neguko eskalada baterako aproposak. Aleksander, adibidez, Hego Poloan joan-etorria bakarka egin duen lehen abenturazalea da. Tormod, bestalde, Everesteko ipar isurialdea eskiekin jaitsi duen lehena. Oinarrizkoena erakutsi nien: jumareatu, luzeak garbitu, materiala garraiatu... Eskalada nire kontua zen, eta luze guzti-guztiak nik lideratu nituen».
Urtarrilaren 15erako, paretaren sarreran ziren. Lehen luzearekin, Kirkpatrick hotzarekin arduratzen hasi zen: «Ez nekien gai izango ote nintzen eskalada osoan beroa mantendu ahal izateko. Bidea ezagutzen nuenez, erritmo ederrean eskalatu nuen. Hala ere, aitortu behar dut eguneko ia luze bat igotzen nuela. Paretan zegoen material asko oso egoera kaskarrean zegoen; ia dena herdoilduta zegoen. Tartean paraboltak. Horren ondorioz, batzuk aldatzea erabaki nuen. Estiloari dagokionez, aurreratu behar dut kapsula eran igo ginela. Bi kanpaleku antolatu genituen; 5. eta 10. luzeetan. Eta hauetara heltzeko soka finkoak jarri genituen».
Hamabi egun eskalatuz pasatu ondoren, britainiarra eta bere bi kide norvegiarrak bidearen amaiera aldera iritsi ziren. Soilik hiru luze falta zitzaizkien. Hori bai, oso gogorrak izotzarekin tapa-tapa eginda zeudelako: «Oso gutxi falta zen, eta aurreko saioan ez bezala, ez nuen batere gogorik buelta erdia emateko. Benetan latza izan zen, mistoko tarteak gainditu behar izan nituelako».
Azkenean, saria lortu zuten. Amaieran, ordea, Kirkpatricek gaizki-ulertu batzuk argitu nahi izan ditu: «Nire kideek, eskaladan aspertzen ari zirenez, denbora asko eman zuten hedabideekin hartu-emanetan. Zehatza ez zen hainbat informazio helarazi zieten. Horietako bat eskalatutako bidea `hango zailena' izan zela. Bada, ez, 2007. urtean beste laukote norvegiar batek neguan jardun ikaragarria egin zuten. Nik, gainera ez dut Troll paretaren neguko lehen igoera egin, baizik eta bide baten neguko lehen igoera. Finean, pozik nago».
Andy Kirkpatrick eskalatzaileak Troll paretan dagoen «Suser gjennom Harryland» bidearen lehen neguko igoera egin du.
Britainiarrak bide osoa sokaburu egin zuen. 18 luzetako marra hori eskalatu ahal izateko, hamalau egun behar izan zituen.