GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Nelscott Reef Classic: Jamie Sterling txapeldun Oregonen

Munduko olatu handien itzuliko laugarren proban, parte-hartzaileen artean, lehen aldiz, euskaldun bat: Adur Letamendia. Hirugarren urtez jarraian, John John Florence hawaiiarra izan da Volcom Pipe Pro txapelketako irabazlea.

p052_f01_148x92.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Azken asteetan, olatu handiak albiste izan dira, bai euskal kostaldean eta baita munduko beste zenbait lekutan ere, sekulako itsaskiak izan baitira.

Azken albistea AEBetatik datorkigu. Bertan egin berri dute, munduko olatu handien (Big Wave World Tour) itzuliko laugarren proba, eta irabazlea, Jamie Sterling hawaiiarra izan da.

Bestalde, lehenengoz euskaldun bat izan da mota honetako txapelketa batean parte hartzen; Adur Letamendia zarauztarra.

Nelscott Reef

Pasa den otsailaren 2an egin zuten Oregonen (AEB) Nelscott Reef Big Wave Classic txapelketa. Larunbat goiza zen, eguraldi ederra, eguzkia eta itsaso garbia, erreka haize leunarekin. Goizean goiz, Haley Fiske, Ian Wallace eta Drew Brophy surflari ezagunek gondola (SUP) erakustaldia egin zuten eta jarraian txapelketari hasiera eman zioten.

Antolatzaileek olatuak handiago izango ziren momentua aukeratu nahi zuten txapelketa egiteko, eta horrela egin zuten, baina nahiko justu ibili ziren, finalean gauak ia gainean atzeman baitzituen.

Aurtengoan, zortzigarren urtez jarraian egin dute txapelketa hau eta urte guzti hauetan urte bakar batean utzi behar izan dute txapelketa bertan behera, iaz hain zuzen ere.

Nelscott Reefena, olatu handien txapelketa bat izateko media altua dela esan daiteke, zeren halakoetan txapelketa egiteko behar izaten diren baldintzak betetzea oso zaila izaten da. Asko izaten dira bertan behera geratzen diren txapelketak.

Nelscott Reef txapelketa munduko olatu handien itzulia osatzen duten bost txapelketetatik laugarrena da.

Zirkuituko lehen txapelketa, Txilen egitekoa zirena, bertan behera geratu zen itsaski handirik izan ez zelako. Bigarrena, abuztuaren 14an izan zen Perun, Pico Alto eskuin olatuan eta Carlos Burle brasildarra izan zen irabazlea. Hirugarrena, Mavericks eskuinean izan zen, urtarrilaren 20an, eta Peter Mel izan zen irabazlea, bertako surflaria.

Beraz, Nelscott Reef txapelketa itzuliko laugarren proba izan da eta irabazlea Jamie Sterling izan da, 2010/2011 itzulia irabazi zuen lehiakide bera alegia.

Orain, itzulia amaitzeko txapelketa bakarra falta da, Kalifornia Behereko Todos los Santos olatu beldurgarrian egin behar dena. Txapelketa hau itxaronaldi epean dago, baina denbora aurrera doa eta antza ez da behar adinako itsaskirik sartzen.

Otsailaren 28a baino lehen itsaski handi bat izaten ez bada, iaz bezala, bertan behera geratuko da olatu handien itzuliko azken txapelketa, eta ondorioz orain artean puntu gehien bildu dituen lehiakideak irabaziko du 2012/2013 Big Wave World Tour zirkuitua.

Euskaldunak BWWT zirkuituan

Munduko olatu handien itzuliko txapelketetan aurrez behar adina puntu lortu dituzten surflariek eta ohorezko gonbidatu direnek soilik har dezakete parte.

Guztira 24 lehiakide izaten dira, beraz mundu mailako txapelketa bat dela kontuan hartuta, ez da batere erraza halako txapelketa batean parte hartu ahal izatea. Azken txapelketan ordea, lehen aldiz euskaldun bat izan da parte hartzen, Adur Letamendia zarauztarra hain zuzen ere.

Letamendiak, pasa den urtarrilaren 28an Galea muturrean egin zen txapelketan hirugarren postua lortu zuen, eta bigarren postua eskuratu zuen lehiakidea, Ramon Navarro txiletarra, jada munduko olatu handien itzulian denez, txapelketa honetan parte hartzeko saria zarauztarrari eman zioten.

Galeako txapelketa amaitu bezain laster, hegazkina hartu eta AEBetara bidaiatu behar izan zuen beraz zarauztarrak.

Galeako txapelketa irabazi zuen 17 urteko Natxo Gonzalez sopelarrak berriz, datorren udaberrian Txileko Punta de Lobos olatuan egingo den munduko olatu handien txapelketan parte hartzeko gonbidapena irabazi zuen, beraz, laster, Txilen ere behar adinako itsaskirik sartzen bada, beste euskaldun bat ikusi ahal izango dugu BWWT zirkuituko txapelketa batean parte hartzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo