GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

ASP ZIRKUITUA

Berriz ere John John Florence irabazle Pipelinen

p052_f03_148x88.jpg

 

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Txinako txapelketen ostean urteari hasiera eman zaio eta jada indarrean dira ASPko txapelketak munduko leku desberdinetan.

Hawaiin, esaterako, Volcom Pipe Pro txapelketa ospetsua egin zuten pasa den astean. Txapelketa hau ez da oso garrantzitsua puntuei dagokienean, lau izar baino ez baititu, baina ospe handiko txapelketa da, Pipelinen egiten delako.

Bestalde, maila bereko beste txapelketa bat ere egiten ari dira, honakoa Australian, Burleigh Heads urautsiko eskuin olatu ederrean.

Hirugarrenez Florence
Aurtengoan, berriz ere, bertako surflari batek eskuratu du txapela. Oahu irlan hazi eta bizi den John John Florence, 20 urteko gazteak, hirugarren urtez jarraian irabazi du txapelketa hau.

Finala, otsailaren 2an egin zuten eta olatuak ez ziren aurreko egunetan bezain handiak izan, baina tarteka olatu ederren bat jazotzen zen backdoor-eko eskuin olatuan.
«Oso gustura nengoen gaur, zeren olatuak txikiak ziren, baina oraindik lantzean behin olatu ederrak etortzen ziren», zioen Florencek.

Pipelinen olatuak txikiak direnean (bi metro) izaten diren zailtasunak ere ezin ahaztu ordea: «Horrelako baldintzetan lehia bortitza izaten da, zeren lau lehiakideko txandak dira, eta olatuak txikiak badira etortzen den olatu onena hartzeko borroka handia izaten da».

Aurrez, final-laurdenetan, txapelketa hau noizbait irabazi duten hiru lehiakiderekin izan zen borrokan; Jamie O'Brien, Reef McIntosh eta Bruce Irons.

Finalean talentu handiko lau surflari izan ziren; lehen postua eskuratu zuen Florence bera. Bigarren postua eskuratu zuen Chirs Ward iparramerikarra. Hirugarren postua eskuratu zuen Josh Kerr australiarra. Eta azkenik, laugarren postua eskuratu zuen Eleogram Olamama hawaiiarra.

30 minutuko finalari lehen hiru minutuetan egindako bi tubo ederrekin eman zion hasiera Florence gazteak. Jarraian, gainontzeko lehiakideengandik apur bat urrundu eta taulan eseri zen, patxadan, olatu on baten zain.

Hamabost minutu egin zituen olaturik hartu gabe Florencek. Azkenean olatu bat hartu zuen, baina itxi egin zitzaion. Hala eta guztiz ere, txapela eskuratu zuen.

WCT itzulian
Florence, lehen mailako munduko itzulian parte hartzen duten 32 lehiakideen artean dago, WCT zirkuituan alegia.

Volcom Pipe Pro txapelketa ez da lehen mailako txapelketen artean sartzen, baina entrenamendu moduan ezin hobeto datorkio gazte hawaiiarrari.

Gainera, egungo ASP sisteman, lehen mailan dauden lehiakideek bigarren mailako txapelketetan ere parte hartu behar izaten dute, zirkuitua amaitu ostean, behar adinako postua lortu ez badute, bigarren mailako itzulian bildutako puntuak lagungarri izan baitaitezke.

Iaz, oso ongi aritu zen Florence, eta aurten ere ongi hasi du urtea. Honela mintzo zen iazko urteaz galdetuta: «Iazkoa, nire bizitzako urterik onena izan zen. Aurtengoa ere, iazkoa bezalakoa izatea espero dut».

Sally Fitzgibbons

Urtea hasteko txapelketa ospetsu bat irabazi duen beste lehiakidea Sally Fitzgibbons da. 22 urteko australiar honek Breaka Burleigh Pro txapelketa irabazi du pasa den asteburuan.

Nesken kasuan sei izarreko txapelketa da urte hasieran Australian egiten den txapelketa hau, beraz hasiera on bat eman dio Sallyk ere urteari.

Orain, bai John John Florence, eta bai Sally Fitzgibbons, martxoan Australian egingo den WCT itzuliko lehen txapelketari begira daude. Lehen mailako 32 mutilek eta 17 neskek, han emango diote hasiera WCT itzuliari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo