GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Ablazioa, tortura espezifikoa

Tortura guztiok lotzen dugu ziega hitsekin, aurpegia estalitako segurtasun indarretako gizonekin, hainbat teknikarekin -poltsa, bainuontzia, pistola edo makila bidezko bortxaketa- eta nolabaiteko kutsu politikoarekin, alegia, presoekin, informazio bilketa eta, bide batez, mendeku hartzearekin, ero eta gaixo batzuen gozamenarekin. Torturaz pentsatu eta armak eta kontrola dituzten eta inolako gizatiartasunik ez duten borreroak datozkigu burura, baina, sekula ez, adibidez, osasun munduko langileak, are gutxiago torturatuaren senideak, gurasoak.

Otutzen ez zaigun bezala gizateriaren erdi batek bakarrik jasaten duen tortura motarik dagoela. Kutsu politikorik gabe, trukean inolako informazio edo irabazirik eskuratu gabe, tartean poliziaren antzekorik izan gabe, eta, aldiz, senideen, komunitatearen eta jendartearen onarpena ez ezik, horien guztien presioa ere edukita. Tortura arau bilakatuta. Torturaren baitako bortizkeria eta ankerkeria guztia kultura eta tradizioaren ikur bihurtua. Neskatilen eta soilik neskatilen gorputzean islatuta.

Ablazioa deitzen zaio, emakumeen genitalen mozketa. Munduan, egun, 140 milioi neskatila inguruk jasaten dute, adin txikikoek; jardunbide sistematikoa da, mingarria, hautatu gabea, beti. Emakumea plazer sexuala sentitzeko aukerarik gabe uzten du, zortea izango du hortik eratorritako osasun arazoen ondorioz hiltzen ez bada. Izan ere, klitoriaren zati bat edo osorik kentzeak, bagina josteak, ondoren berriz irekitzeko, eremua zulatu edo kauterizatzeak arrisku larriak dakartza, eta inolako onurarik ez. Ablazioak ez du zerikusirik osasunarekin loturiko arrazoiekin, emakume horien ongizatearekin; ablazioa, finean, neskatila horien etorkizunari begirako praktika hutsa da, neskatila horiek hazitakoan beren leku aproposa izan dezaten jendartean, ezkontzeko orduan. Inoiz neskatila horrekin ezkonduko den gizona ziur egon dadin birjina dela, sexu jokabide «egokia» izan duela, fideltasunari errazago eutsiko diola, sexu grinarik izango ez duen heinean. Ablazioa emakumeen kontrako tortura onartu eta errotua da, areago, sustatua, munduko hainbat eta hainbat lekutan, bertako tradizioan oinarritua. Emakumeak gizonen gozamen eta ugalketarako objektu izateko hezten dira, txikitatik mutilatuta.

Emigrazioari esker, ablazioaren mugak ere zabaltzen ari dira. Gure artean bizi diren neskatilei euren familiek halakorik eragin ahal dietela pentsatzea onartezina iruditzen zaigu, gure kulturaren baitan, tortura kontzeptua errazago datorkigu burura. Balio dezake, eta balio ahalko du, gure esku dagoen neurrian salatzeko eta geldiarazteko, baina baita emakumeon giza eskubideen alde hezteko ere. Nazioartean lan gehiago egiteko neskatilei emakume oso izateko aukera betiko hondatzen dien astakeria horren kontra, emakumeen gaineko tortura espezifiko, anker eta ohiko horrek tradizio izateari utz diezaion, belaunaldi berriek norberaren gorputzaren gaineko eraso hori torturatzat jo dezaten, emakumeek eurek lehenik, eta jendarteko beste guztiek era berean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo