GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA

Otaegi eta Otaño berriro ere finalean izango dira

p042_f01_088x108.jpg

J.L.

Joseba Otaegi eta Unai Otaño, bikote hori da Urrezko Aizkorako finala jokatzeko sailkatu den lehena, atzo egindako itzulerako finalerdia ere oso erraz irabazi baitzuten.

45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagoan moztu izan zen egin beharreko lehen lana, eta hori Atutxak eta Mugertzak irabazi zuten, enborra 35 kolpetan bota ostean, txapeldunei bi kolpeko aldea kenduz. Bigarren saioan, erlojuz kontra bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten, bakoitzak enbor bat, eta aurka zuten aldea iraultzeko modua egin zuten Otaegik eta Otañok, minutu eta 53 segundoan amaitu baitzuten beraien egin beharrekoa, eta aurkariei sei segundo kendu zizkieten.

Hirugarren lanean, zutik jarrita kana-erdiko bat bota behar izan zuten, eta Otaegik eta Otañok aldea gehitu egin zuten, enborra minutu eta 48 segundoan amaitu baitzuten, eta 24 segundoko tartea lortu zuten.

Laugarren ekinaldian, bi kana-erdiko ebaki behar izan zituen bikote bakoitzak, eta proba hau bi gazteek, Atutxak eta Mugertzak, irabazi zuten, nahiz eta atzetik jarraitzen zuten. Lana 2 minutu eta 59 segundoan amaitu zuten, eta txapeldunei 11 segundo kendu zizkieten. Saioa iraupen proban erabakiko zela uste bazen ere, bosgarren lanean erabaki zen. Hor bikote bakoitzak 45 ontzako enbor bat zutik jarrita eta kana-erdiko bat etzanda jarrita ebaki behar zuten. Otañok eta Otaegik 3 minutu eta 2 segundoan amaitu zuten, eta aurkariek, berriz, 4 minutu eta 13 segundoan. Azkenik, bi 45 ontzako, lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki behar izan zituzten. Txapeldunek 12 minutu eta 46 segundoan amaitu zuten, eta Mugertzak eta Atutxak, berriz, 14 minutu eta 15 segundoan. Otañok eta Otaegik 23 minutu eta 15 segundoan amaitu zituzten lan guztiak, eta 26 minutu eta 13 segundoan, berriz, Atutxa II.ak eta Mugertza II.ak.

Zilarrezkoa

Zilarrezko mailan, bi kanporaketa jokatu dira asteburu honetan, eta rodrigueztarrak eta Jauregi eta Kañamares III.a izan dira mailako final-laurdenetara sailkatu diren bi bikoteak.

Rodrigueztarrek eman zuten ezustea, Dorronsoro eta Zaldua mendean hartu ostean. Bost probetatik hiru irabazi zituzten, eta lan guztiak 11 minutu eta 28 segundoan amaitu zituzten, eta Dorronsorok eta Zalduak, berriz, 11 minutu eta 38 segundoan.

Beste neurketan, berriz, Kañamares III.ak eta Jauregik lortu zuten hurrengo kanporaketako txartela Erdozia eta Beltza mendean hartu ostean. Garaileek proba guztiak irabazi zituzten, baina horretarako lan asko egin behar izan zuten. 10.19 izan zen amaieran behar izan zuten denbora, eta 10 minutu eta 56 segundo, berriz, Erdoziaren eta Beltzaren denbora.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo