GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

HARRI-JASOTZEA Marka saiakera

Inaxio Perurenak lortu du 300 kilokoa jasotzea

Leitzarrak 19 segundo nahikoak izan zituen bere helburua betetzeko. Bigarren aldiz jasotzen ere saiatu zen, baina ezin izan zuen, harriak irrist egin baitzion.

p042_f02_148x112.jpg

Jon LEUNDA

Inaxio Perurena sartu da 300ekoen klubean, atzo Leitzan lortu baitzuen 300 kiloko harri errektangularra bizkarrean berdintzea. Horretarako, gainera, 19 segundo nahikoa izan zituen nafar gazteak.

Leitzako pilotalekuan egin zuen marka ahalegina, eta zaleek sekulako erantzuna eman zuten, harmaila guztiak ia bete egin baitziren. 200eko errektangularra erabili zuen berotzeko, eta hiru heldualdi eman zizkion. Lehenengo, harria bularrera ekarri eta utzi egin zuen, eta ondoren bi jasoaldi eman zizkion. Hori egin ostean, paretik kendu, eta 250eko errektangularra jarri zuen. Horri heldualdi bakarra eman zion. Bularrera ekarri, eta utzi egin zuen.

Hori egin ostean, 300ekoa jarri zioten aurrean. Bere anaia, eta Gatzagako Tigrea zituen laguntzaile. Epaileak txistua jo bezain azkar heldu zion harriari. Gerrira ekarri, han buelta eman, eta lau kolpetan harria bizkarrean berdinduta zeukan. 19 segundo, eta helburua betea zeukan. Berehala besarkatu zuen anaia, baina bost minutuko txanda zenez, oraindik ia beste lau minutu geratzen zitzaizkion txanda amaitu arte.

Normalean, harri hauekin jasoaldi bat emandakoan geratu egiten dira, denbora pasatu arte, baina Inaxiok bigarren jasoaldi bat egin nahi izan zuen. Atsedentxo bat hartu, eta berriro heldu zion, baina buelta ematerakoan harriak irrist egin zion galtzetan, eta han utzi zuen.

«Egia esan oso gustura nago, sinistu ezinik. Gaur oso ongi jaiki naiz. Lo ere primeran egin dut, eta sentsazio onekin iritsi naiz. Aurreko ahaleginean ez nuen batere lorik egin, eta gaur gorputza ezberdin ikusten nuen. Azkenean helburua bete dut», esan zuen Inaxiok.

«Herrian sekulako babesa jaso dut, eta zerbait zor niela uste nuen, horregatik saiatu naiz bigarren jasoaldia egiten, baina ez nengoen erabat zentratuta eta harriak irrits egin dit. Orain ez dut helburu zehatz bat jartzen, baina orain arte bezala jarraituko dut entrenatzen», gehitu zuen Inaxio Perurenak.

Izeta II.a

Izeta II.ak ere bi marka bikain egin zituen atzo Mendaron. Aiarrak, 95,6 kiloko kubiko zaharra eta 135,6 kiloko erraktangular zaharra erabili zituen, bere garaian Aritza harri-jasotzaile handiak erabilitakoak. Horretarako 30 minutu izan zituen jarraian, eta 15 minutu harri bakoitzarekin. Kubikoari 73 jasoaldi eman zizkion, eta 45 errektangularrari, guztira 118 jasoaldi lortuz. Harri hauek 100 urtetik gorakoak dira, eta orain egiten direnak baino askoz ere zailagoak dira jasotzeko garaian.

Laugarrena

Inaxio Perurena gaztea da 300 kiloko harria jasotzen duen laugarren harri-jasotzailea. Lehenengoa bere aita Iñaki izan zen, eta gero Gibitegik eta Mieltxo Saralegik ere lortu zuten marra hori gainditzea.

Izeta II.a

Aiarrak lan bikaina egin zuen atzo, marka handi bat lortuz. Orain dela 100 urte inguruko 95,6 kiloko kubiko zaharra 73 aldiz jaso zuen ordu laurdenean, eta 135,6ko errektangular zaharra, berriz, 45 aldiz berdindu zuen, denbora berean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo