GARA > Idatzia > Kultura

Munduari argazki kameraren atzetik begiratzen dioten lau erakusketa ikusgai

Donostiako, Gasteizko eta Uharte-Arakileko aretoetan paratu dituzte sei argazkilarien lanak, lau erakusketetan banatuta. Argazki guztiak berdinak direla pentsatzen duenak iritziz aldatuko du teknika zein eredu desberdinak erabiliz sortutako lanok ikusterakoan. Ezustean harrapatutako jendea, istorioak kontatzen dituzten leku hutsak edota xehetasunez jasotako paisaia eta natura hil ederrak dira bilduma hauetan aurkituko ditugunak, gaika sailkatuta.

p057_f01_149x149.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Teknologia berriek argazkigintza gizarteratu dute. Garai batean profesionalak baino ez ziren gai argazkiak ateratzeko, baina gaur egun edonork jaso ditzake inguratzen gaituen errealitatearen irudiak. Datozen egunotan zehar, begirada anitzen bidez eraikitako lau erakusketaz gozatu ahal izango dugu.

Donostian horietako bi daude. Lehena, «Eskala kontua», otsailaren 1ean jarri zuten martxan Lugaritz kulturgunean eta martxoaren 12ra arte izango da ikusgai. Erakusketaren izenburuak Jakob Wassermann idazleak proposatutako ideiari egiten dio erreferentzia; paisaia naturala argazki-sistema baino askoz handiagoa da. Hala ere, parte hartzen duten hiru argazkilariak ahalik eta fidelenak izan dira, euren begiek ikusten dutena erakusteko garaian.

Jose Roncok Debako harrobietako, Markinako, Zugastietako eta Pankorboko paisaiak erakutsiko dizkigu. Angel Ispizua zuri-beltzera joko du erretratuen edertasuna erakusteko eta Roberto Botijak bodegoiak zein natura hilak jaso ditu, koloretan. Erakusketa honetako irudi gehienak ineditoak dira.

Donostian ere, baina Okendo kultur etxean oraingoan, Ion Markel Saez de Urabainen irudiak biltzen dituen «Kalekumeak» erakusketa dago ikusgai otsailaren 8tik martxoaren 22ra bitartean.

Argazkilari lazkaotarrak sakelako telefonoek «eskaintzen duten berehalakotasunaz baliatuta kaleari lapurtutako» 35 irudi jaso ditu. Teknologia berriek bultzatuta sortu den «Iphoneography» korrontean berezitu da azken aldi honetan. «365 Aztarna» proiektua amaitu eta gero -Flickerren egunero autoerretratu bat igo zuen 2009an-, oraingo honetan herritar anonimoak egin ditu protagonista.

Egunerokotasunaren autentikotasuna jaso nahi izan du autoreak argazki sorta honetan, «kaleak milaka istorio kontatzen dizkigulako egunero».

«Iphoneography» delakoa, Apple etxeko iPhone telefonoekin egindako argazkiak egitea da, irudi-edizioa aparailuan bertan eginez, Photoshop Touch, FX Photo Studio, Hipstamatic edo Instagram bezalako aplikazioak erabiliz.

Irudiek esaten digutena

Argazkia oinarri, une honetan ikusgai dugun erakusketarik osatuena Uharte-Arakileko Huarte Zentroan kokatzen da. Apirilaren 7ra arte, bertan ikusgai daude Miguel Leacheren 92 argazki, «Por los días felices» izenburupean kaleratzeen ondorioz hutsik dauden lekuak erakusten digutenak.

Hauekin autoreak erakutsi nahi du, jendearen joan-etorrian, objektuak bertan gelditzen direla eta neutroak direla dirudien arren, bertan gertatutakoaren informazioa eman dezaketela. Hala, argazki batek istorio bat kontatu dezake, edo hura ezkutatu, eta ikusleak ikusten ari dena ondo interpretatu dezake edo ez. Argazkilariak argazkia atera zuen unean zein informazio zuen (testuingurua ezagutzen zuen edo ez) ere jakin daiteke irudi bat begiratzerakoan.

Argaki soil batek berez esaten diguna baino gehiago kontatu dezake. Enrique Moreno Esquibelek ere ildo horretatik jo du «Besos» erakusketan. Honako hau apirilaren 30era arte dago ikusgai Gasteizko Kikilisalda kultur elkartean.

Argazkilariak duen ikusmira handiak mundu osoan zehar bidaiatzera eraman du eta nazioarteko hedabide ugaritan ibili da kolaboratzaile gisa. Lan horretan erretratu eta dantza argazkilaritzan berezitu da, baina «Besos» erakusketan ez dugu halakorik ikusiko. Musuak dira argazki guzti hauetan ezaugarri komuna. Maitasuna, samurtasuna edota laguntasuna iradokitzen diguten keinuak. Irudi batzuetan, normalean protagonistak izaten diren lekuak ezustean harrapatutako musuen itzaletan erakutsiko dizkigu.

ARGITALPENA

Huarte zentroak eta Ken diseinu grafikoko estudioak Libros de Murciélago bildumako lehen liburua argitaratu dute «Por los días felices» erakusketan oinarrituta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo