GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elur maila 300 metrora jaitsiko da berriz Euskal Herriko toki gehienetan

Azken egunotan izan dugun eguraldi kaskarrak, euri zaparrada ugariekin eta hotz nabarmenarekin, elurrari emango dio gaur bidea. Adituek diotenez, 300 metrora irits liteke elur maila gure herrialdeko toki gehienetan, baina bereziki Nafarroako Pirinio inguruan. Haizeak, atzo arratsaldean noranzkoa aldatu eta gero, gogor joko du ipar-mendebaldetik, eta tenperaturaren beherakada nabarmena eragingo du.
p019_f02.jpg

GARA |

Urteko lehenbiziko elurteak hemen dira. Hala diote, bederen, adituek, atzo eguraldiak izandako aldaketen ostean. Elur maila asko jaitsiko da, 300 metro ingurura, eta orain arte toki altuenetara mugatu izan den elurrak gure artean bazter ugari zurituko ditu.

Elurraren etorrerak bi arrazoi nagusi ditu. Alde batetik, atzo arratsaldean gure lurretan sartutako fronte handia, eta bestetik, haizearen noranzkoaren aldaketa bortitza. Aldaketa hori atzo atzeman genuen, eta tenperaturaren jaitsiera nabarmena sorrarazi zuen. Ikusteko dago beherakada hori nahikoa izango ote den nonahi elurra mara-mara egiteko.

Espainiako Barne Ministerioak adierazi zuenez, poloetako aire masa hotz horren eraginak asteazkenera arte iraun lezake, nahiz eta egunik latzena gaurkoa izango den. Instituzio gehienek alertak ezarri dituzte jada haizete, eurite eta elurteagatik.

Elur maila aldakorra izango da egunaren orduaren arabera. Goizaldean 500 bat metrora izango da, egunsentian 300 bat metrora jaitsiko delarik. Eguna aurrera doan heinean, gora egingo du mailak, 800-900 metrotara arte, berriro ere euriari paso emanez.

Eguraldiaren aldaketa bereziki sumatuko da Nafarroako Pirinioetako inguruan dauden herrietan. Dagoeneko bota du elurra, eta bertako adinduek diotenez, aspaldi ez dute ikusi gisa honetako elurte mardulik.

Nafarroan bertan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak alerta ezarria du Mendabian eta Castejonen, Ebrok gainezka egiteko arriskua dagoelako. Beste ibaiak kontrolpean daude.

Gaur bereziki nabarituko dugun eguraldiaren gaiztotze horren lehendabiziko aztarnak agerian geratu ziren atzo. Nahiz eta egunak nahiko garbi argitu, orduak aurrera joan ahala, ipar-mendebaldeko haizearen eragina nabarmenduz joan zen, eta egunaren amaieran zenbait tokitan ekaitzak lehertu ziren, txingorra ere tartean, gaur areagotuko diren lehen arazoak sortuz.

itSasoa, bizi

Lehorrean bakarrik ez, itsasoan ere egun zaila izango da gaurkoa arrantzaleentzat. Iragarpenaren arabera, bost metrora heldu daitezkeen olatuak espero dira, itsaso bizia egun osoan mantenduko delarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo