GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eskola-erritmoen erreforma berrazter dadin, greba eguna dute Ipar Euskal Herrian

Eskola-erritmoen erreforma berrazter dadila eskatzeko greba eginen dute, hezkuntzako sindikatuek deituta, eta %60-80ko jarraipena aurreikusita. Manifestazioa 10.00etan abiatuko da Baionako Herriko Etxetik.

GARA | BAIONA

Astean lau eskola egunetik lau egun eta erdira pasatzea aurreikusten du eskola-erritmoen erreformak, egungo lanegunak hiru ordu laurdenez laburtuz. Aldaketa honek irakasleen lan baldintzak okertuko dituela eta aldaketa egiteko beharrezko finantziazioa ez dela aurreikusi salatu dute sindikatuek. Aldi berean greba deialdian eskola orientazio lege-proiektua bertan behera uzteko eskatu dute hezkuntzako sindikatuek.

Erreformaren aurkako jarrera karriketan ere erakutsiko dute sindikatuek. Goizeko hamarretan Baionako Herriko Etxetik abiatuko den manifestazioak suprefetura izanen du helburu eta bertan gobernuaren ordezkariarekin biltzea espero dute.

FERC CGT, FNECFP FO, SUD Education, CNT, FAEN eta SNUipp-FSU sindikatuek erreformak irakasleen lan baldintzak ez dituela kontuan hartzen salatu dute. Eskola orduak murriztean klasetik kanpoko ordutegia luzatu eginen da eta atal horren finantzaketa herriko etxeen esku gelditzen denez egoera oso desorekatuak izanen direla salatu dute.

LAB sindikatua honela mintzatu da: «Ikasleen eguneko jarduna arintzen duen egutegi horren alde gaude, behar bezala aplikatuz ikasleendako onuragarria delakoan, baina egiteko moldea ez zaigu batere egokia iruditzen». Sindikatu abertzaleak finantziazioaren eta irakasleen lan baldintzen gaineko kezka agertzeaz gain, arazoak dituzten ikasleen laguntzaile berezituen (RASED delakoak) egoerak ez duela hobera egin salatu du. Gogora ekarri du aurreko gobernuak murrizketa handiak egin zituela.

Sindikatuek salatzen duten orientazio legeaz hau esan du sindikatu abertzaleak: «Eskolaren birfundazioaren arazoa behar den bezala heldu gabe erritmoen gaia neurri erreferentea bilakatu nahi izatea aurpegi zuritze bat besterik ez balitz?».

Gutxieneko zerbitzuak

Grebak Ipar Euskal Herrian jarraipen handia izanen duela aurrikusten da; irakasleen %60-80k jarraituko dutela espero da, eta hezkuntza zentroen herenak ixtea. Hori dela-eta legeak ezartzen dituen gutxieneko zerbitzuak ezarriak izanen dira hainbat hiritan. Baionan eta Angelun udal zentroetan ezarriko dira gutxieneko harrera zerbitzuak. Donibane Lohizunen, Hendaian, Biarritzen eta Bidarten hainbat eskola publiko irekiak izanen dira haurrei harrera egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo