GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sokatira

Abadiñok berreskuratu egin du 640koan iaz galdu zuen txapela eta denboraldiko bigarren garaipena lortu du

Jon LEUNDA

Abadiñok berreskuratu egin du iaz 640koan galdu zuen txapela, eta aurtengo bigarren garaipena erdietsi zuen larunbatean Durangon. Ibarra zen orain arteko txapelduna, baina gipuzkoarrak sailkapeneko bigarren postuarekin konformatu ziren.

Abadiño, Ibarra eta Ñapurrak ziren txapela lortzeko hiru talde faboritoak, eta ez zen ezusterik egon, hirurak sailkatu baitziren lehen hiru postuetan, podiuma osatuz. Bizkaitarrek jokatutako tiraldi guztiak irabazi zituzten, guztira 15 puntu batuz. Ibarrak, aldiz, txapeldunekin bakarrik galdu zuen, eta beste talde guztiei irabazi egin zien. Hirugarren postuan sailkatu zen Ñapurrak, aurreko biekin galdu, eta beste talde guztiei irabazita. Guztira 9 puntu batu zituen.

Zuraidek lortu zuen laugarren postua, Muruetari eta Berriozar taldeari irabazita, eta 6 puntu pilatuta. Bosgarren Murueta sailkatu zen Berriozar taldeari bakarrik irabazita, eta azken tokian nafarrak geratu ziren, jokatu zituzten tiraldi guztiak galduta eta punturik batu gabe.

Emakumezkoetan, 540 kiloko bigarren jardunaldia jokatu zen, eta berriro ere berdinduta geratu ziren Badaiotz eta Ibarra. Bizindarri irabazi egin zieten, eta elkarren artean berdindu. Sailkapen nagusian ere berdinduta daude. Bizindar izan zen hirugarren eta azkena, jokatutako tiraldi guztiak galduta.

Desafioa

Aizkora apustuak modan jartzen ari dira, eta berriro ere orain dela urte batzuk izan zuten garrantzia hartzen ari dira. Urtea hasi besterik ez da egin, eta jadanik bat jokatu da eta beste hiru ere eginda daude. Bosgarren bat ere egiteko bidean da, Iñaki Azurmendik desafioa bota baitio Jon Irazuri.

Arriarango aizkolaria 12 oinbikotara jokatzeko prest legoke, baita dirutan 6.000 euro jokatzeko ere. Datozen hiru hilabeteren barruan jokatu nahiko luke, eta enborrak erdi bana plazara eramanda. Azurmendi datorren larunbatean Tolosako Kantabriko tabernan izango da Irazuren zain, 19.00etatik aurrera. Zizurkildarra aurten jadanik apustu bat jokatuta dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo