Arte eszenikoak merkaturatzen segitu nahi du dFeriak une zailetan ere
«Eraikitzen» izango da aurtengo dFeria Donostiako arte eszenikoen azokaren lema. Martxoaren 18tik 21era, 27 ikuskizunek osatuko dute hemeretzigarren edizio hau, horietatik erdiak Euskal Herriko taldeenak, eta hamazazpi estreinaldi egongo dira. Antzerkia, dantza nahiz performancea iragarri dituzte arte eszenikoen merkatua sustatzea helburu duen azoka honetan. Hausnarketarako deia ere egin nahi dute sektoreak bizi duen une zailaren aurrean.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Programatzaile eta konpainiek bat egingo dute lau egunez arte eszenikoen merkatua sustatzeko helburua duen XIX. dFeria azokan. 27 ikuskizun izango dira, horietatik erdiak euskaraz eta, Norka Chiapuso zuzendariak azaldu zuenez, aurtengoan «lan konprometituak izango dira: gizartearekin, hiriarekin, bikotearekin... Aurreko urteetan agian alderdi estetikoan gelditzen ginen». Egungo egoeran ikuskizun askok taularatzeko zailtasunak dituztela gogorarazi zuen eta, zentzu horretan, «dFeriak leiho bat izan nahi du aurrera atera daitezen». Inbertitzen den dirua lau aldiz biderkatzen dela esan zuen Chiapusok, iaz ia 900.000 euro saldu ziren.
«Eraikitzen» lemarekin Donostia erre zeneko berrehungarren urteurrenaren ospakizunari keinu egin nahi izan diote, arte eszenikoetan ere etengabe hutsetik lanak eraikiz ari direlako. Aurtengo kartela Jon Mentxakarena da eta eszena baten deskonposizioa erakusten du, hain justu.
Lau egun, atsedenik gabe
Edizio honetan antzerkia eta dantza parekatuta egongo dira kopuruz, eta diziplina anitzeko performanceak ere jorratuko dira. Euskal konpainiei dagokienez, aipatzekoa da Dantzaz taldeak martxoaren 19an Zurriolako hondartzan eskainiko duen emanaldia. Joseba Sarrionandiaren hitzak musikatu dituzten Kortatu, Ruper Ordorika, Mikel Laboa, Deabruak Teilatuetan eta beste hainbat talderen doinuak dantzatuko dituzte «Naufragoak» ikuskizunean. Laboaren doinuak izango ditu Kukai eta Tanttakaren «Komunikazioa/inkomunikazioa» obrak ere, baita Europan lehenengoz egingo den Jesus Rubioren «Laboatik» dantza ikuskizunak ere.
Hika teatroak «Hitzak» obraren gaztelaniazko bertsioa estreinatuko du, «Palabras», eta Asier Zabaletak zuzendutako «N.A.N.» lana estreinatuko du Ertza taldeak. Beste estreinaldietako bat «Terapias/ Terapiak» komedia izango da, Vaiven eta La Pavana konpainiek elkarlanean sortutakoa, eta martxoaren 20an estreinatuko da Antzoki Zaharrean. Borobil teatroak ere «On egin» estreinatuko du gaztelaniaz, Hansel eta Gretel anaien ipuin klasikoaren moldaketa bat, Anartz Zuazuak zuzenduta.
Nerea Martinezek eta Laura Cobok «Aquí y ahora» dantza emanaldia estreinatuko dute Loop taldearekin eta Losdedae taldeak Euskal Herrian lehenengoz taularatuko du «Return», David Picazok zuzendu eta Marta Etura donostiarrak antzeztua Chevi Muraday-rekin batera.
Tortura gaitzat duen «Y mi voz quemadura» ere lehen aldiz izango da Donostian, Serendipia taldearen eskutik. Albert Vidalek ere «Barrabas. La locura del poder» estreinatuko du.
Complot uruguaitarrek, berriz, «Autopsia» lanaren Europako estreinaldia egingo dute, gorputzaren inguruko hausnarketa bat. Eta bertatik iritsiko da «Antígona oriental» ere, Instituto Goetheren eskutik, Volker Löschek zuzenduta, Uruguaiko diktaduran preso izan ziren emakumeez osatutakoa.
Ikusgai izango dira halaber, «El hijo del acordeonista» (Tanttaka), «Makinista» (Markeliñe), «Naturaleza muerta en una cuneta» (K produkzioak - Arriaga)... Aurtengo edizioa ixteko, Sexpeare taldeak «Sexpearemente» estreinatuko du Antzoki Zaharrean.
Aurrez erositako sarrerek deskontu ezberdinak izango dituzte epearen arabera. 5 eta 20 euro arteko salneurria izango dute eta, gainera, hitzaldi eta mintegiak ere izango dira. Www.dferia.com atarian aurki daiteke programazioaren eta gainerako xehetasunen berri.