Arnaldo Otegiren aldeko letrak eta hitzak delitu?
Urtea igaro da Arnaldo Otegi preso daukaten Logroñoko kartzelaren aurrean euskal gizartearen ordezkaritza zabal batek -baita Estatuko beste nazioetako ordezkariek- protesta ekitaldi xumea egin zuenetik. Tarte honetan dozenaka ekitaldi izan dira han-hemenka Otegiren kartzelatzea salatu eta bakea sendotzeko bidean haren ekarria aitortu eta txalotzeko. Euskal herritar gehienentzat begi bistakoa dena baino ez zuten adierazi; hots, Otegi bakearen aldeko eragile nabarmena dela, zitalkeria politikoagatik preso atxikitzen dutela eta, oroz gain, gidari politiko errespetatua eta kuttuna dela oso.
Atzo, Espainiako Auzitegi Nazionalak, Dignidad y Justicia talde ultra eta amorratuarekin lerrokatuz, ekitaldi hura eta bertan parte hartu zutenak ikertzeko agindu zuen. Idazleen letrak, legebiltzarkideen hitzak, elkartasunezko presentzia bera delitutzat hartuta, berriz, beste behin ere, zentzu onaren eta konponbidearen kontrako norabidean zabarkeria itxuragabea. Euskaldunen kontra gogor plantarenak eginda, beren estolderietako ustelak hobe gordetzeko ke-gortinaren tankera eta herri honek desira eta merezi duen soluzioak ze etsai handi dituenaren oroigarriaren antza badu bestalde. Otegiren aldeko letrak eta hitzak zigortu nahi dituen Estatuak indar gordina izan lezake, baina horrela Euskal Herrian ez da inondik indartsu ageri.