GARA > Idatzia > Kultura

Julen Zelaieta eta Eneko Lazkoz finalaurrekoetarako sailkatu dira Nafarroako Bertsolari Txapelketan

Larraintzar eta Iturenen izan ditu final-laurdenak asteburu honetan Nafarroako Bertsolari Txapelketak. Zelaieta eta Lazkoz zuzenean sailkatu dira larunbat honetan Zubirin erabakiko diren finalaurrekoetarako.

p040_f01_96x96.jpg

GARA | IRUÑEA

Hamabi bertsolari aritu dira asteburuan Nafarroako Txapelketako finalaurrekoetarako txartela eskuratu nahian. Julen Zelaietak eta Eneko Lazkozek zuzeneko sailkapena lortu dute Larraintzar eta Iturenen, hurrenez hurren, puntu gehien pilatuta. Larunbatean Zubirin izango da azken final-laurdena eta bertan erabakita geldituko dira hiru finalaurrekoak. Oraingoz, aipatutakoez gain, Xabier Silveira eta Migel Mari Elosegi Luze daude sailkatuta.

Larraintzarreko saiora ehun bat lagun hurbildu ziren. Zelaieta beratarrak saio erregularra egin zuen eta 328 puntu eskuratu zituen, Elizondorako finalaurrekorako txartela eskuratuz. Gertu izan zuen Oier Lakuntza, 320,5 punturekin. Amaia Elizagoienek lehen parte-hartzea du Nafarroako Bertsolari Txapelketan eta hasierako urduritasuna gaindituta, maila ona eman eta azkenean hirugarren postua eskuratu zuen 302,5 punturekin. Puntu eskas batera izan zuen laugarren izan zen Aritz Saragueta. Ekaitz Astiz bertsolari ultzamarrak bosgarren postua eskuratu zuen 285,5 punturekin eta seigarren Haizea Beruetek egin zuen 228 puntu erdietsita, hau ere Txapelketako bere lehen parte-hartzean.

Iturenen alde handiagoa

Asteburuko bigarren saioa Iturenen izan zen, igandean, eta 160 bertsozalek bete zuten Iturengo udaletxeko ganbara. Eneko Lazkozek nagusitasun handiz irabazi zuen eta orain arteko puntuaziorik altuena lortuta, finalaurrekoetarako txartela eskuratu zuen. Bigarren fasean etxean kantatuko du gainera, Etxarri Aranatzen.

Gainerako bost bertsolarien artean gauzak estuago egon ziren. Bigarren postua Aimar Karrikarentzat izan zen (324,5), eta hirugarrena Iñaki Alemanentzat (315,5). Baina beste hiru bertsolariek ere lan polita egin zuten eta azken ariketara arte ez zen batere argi egon nola banatuko ziren puntuak. Azkenean, Ioar Tainta (301,5), Egoitz Gorosterrazu (300,5) eta Alazne Untxalo (298,5) ordena horretan sailkatu ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo