Nafarroako gizarteari zuzendutako bazkidetze kanpaina abiatu du Euskalerria Irratiak
GARA | IRUÑEA
Nafarroako Gobernuak emititzeko lizentzia ukatu berri badio ere, Euskalerria Irratiak Nafarroako gizarteari egin dio deia, «emititzeko baimena» eman diezaion. Horretarako «Zuen baimenarekin» bazkidetze kanpaina jarri du abian. «Sostengua adierazteko modu asko daude, baina bazkidetzea da Nafarroako Gobernuari oker ari dela adierazteko modurik eraginkorrena», azaldu zuen atzo Kike Diez de Ulzurrunek, elkarteko buruak.
Egun, elkarteak 1.000 bazkide ditu eta helburua 1.200era iristea da. «Krisi garai hauetan badakigu ez dela erraza, baina irratiak sostengu hori behar du bere proiektu komunikatiboa aurrera ateratzeko, Iruñerriko euskal hiztunen komunitatearen topagune izaten segitzeko, Nafarroa ofizialaren berri ez ezik Nafarroa errealaren berri ere jaso nahi dutenei zerbitzua eskaintzen segitzeko», esan zuen Inma Errea elkarteko kideak. Bazkideek urtean 90 euro ordaintzen dituzte. Bazkidetzea www.euskalerriairratia.com webgunean eta 948 17 01 51 telefonoan egin daiteke.
Irratiari laguntzeko bide berriak zabaltzen ere ari dira. Horietako bat, Erakunde Baimen Emaileen figura da. Nafarroako Gobernuak ukaturiko baimena eman dezatela eskatzen diete udalei, kontzejuei, gizarte taldeei, elkarte gastronomikoei, peñei, lagun taldeei. Erakunde Baimen Emaile bakoitzak urtean 100 euro ordaintzen ditu.
22.000 sinadura
Bestalde, Nafarroako Gobernuak lizentzia eman diezaiola eskatzeko, elkarteak dagoeneko 22.000 sinadura bildu ditu Charge.org atariaren bitartez. Gogoratu behar da 25 urte direla Euskalerria Irratiak bere emisioei ekin zienetik eta Iruñerrian euskara hutsean emititzen duen irrati bakarra dela.
Diez de Ultzurrunek atzo adierazi zuenez, oso pozik daude jasotzen ari diren sostenguarekin: «Bihotzez eskertu nahi dugu jendearen elkartasun zintzoa, zabala, herritarren eskuzabaltasuna, prestutasuna. Irratian dei aunitz jaso ditugu egunotan, laguntza eskaintzeko, animoak emateko, bihotza pizteko, berotzeko, eta eskertzekoa da benetan».
Bi hitzordu ere iragarri dituzte. Batetik, otsailaren 19an, Euskalerria Irratia elkarteak urteroko batzarra egingo du Nafarroako Ikastolen Elkartearen egoitzan. Bestetik, otsailaren 28rako elkarretaratzea deitu dute Nafarroako Jauregiaren aurrean, «sostengu zabal eta askotariko hori ikusarazteko xedearekin».