Zigorrak luzatzearen aurka Elkartasun Eguna egingo dute larunbatean Arrotxapean
Martxoaren 20an Estrasburgoko Epaitegiak aztertuko duen 197/2006 doktrina ezarri dieten Iruñerriko presoei zigorra ez luzatzea eskatu ko da larunbat honetan Errotxapean egingo den Elkartasun Egunean eta bereziki auzoko biztanle den German Rubenachena.
Martxelo DIAZ | IRUÑEA
197/2006 doktrina ezarri dieten Iruñerriko presoen egoera salatzeko eta auzoko biztanle German Rubenachen askatasuna eskatzeko Elkartasun Eguna antolatu du Herrirak larunbaterako Arrotxapean. Ekitaldi nagusia, manifestaldia, 12.30ean Aita Barandiaran plazatik abiatuko da. Rubenachekin batera, Jokin Santxo, Iñaki Erro eta Iñaki Urdiainen aske utz ditzatela ere aldarrikatuko dute.
Herrirako kide Ariane Etxeberriak gogorarazi zuenez, martxoaren 20an Estrasburgoko Auzitegiko Areto Nagusiak «197/2006 doktrinaren patua erabakiko du eta, ondorioz, orain kondena luzatuta duten 60 euskal preso ingururena ere bai».
Iazko uztailean Ines del Rio Tafallako presoa askatzeko agindu zuen Estrasburgoko Auzitegiak, haren eskubideak urratuak izan zirelako. Horrek kolokan jarri zuen 197/2006 doktrina. Estatu espainolak helegitea aurkeztu zuen eta hori da, hain zuzen, martxoaren 20an ebatziko dena.
«Areto Nagusiko 17 epaileek erabakiko dutenak behin betiko izaera izanen du, auzibide guztiak agortu direlako. Inesen eta doktrina hori aplikatu zaien gainontzeko preso politikoen etorkizuna areto horren eskuetan dago», gaineratu zuen.
Herrirako kideak nabarmendu zuenez, 197/2006 doktrinak presoen eskubideen urraketa ekarri du. «Espetxean urte anitz eman ondoren (18, 29, 22 urte...) eta askok ateratzeko data finkatua izanik, egun batetik bestera kondenak beste urte mordo batez luzatzen direla ikusten duten presoez mintzatzen ari gara. Horrek presoarengan eta bere sendiagan eragin psikologiko izugarria du», adierazi zuen.
«197/2006 helburu politiko argi batekin jaio zen: euskal preso politikoak makurraraztea. Lortu ez baldin badute, presoek eta beren senideek doktrina honi aurre egiteko erakutsitako adore eta indarragatik izan da. Horretarako kaletik eman diezaiekegun babesa eta elkartasuna oso garrantzitsuak dira. Mobilizazio soziala eta presoen gaia eguneroko eztabaida politikoan sarraraztea funtsezkoak izanen dira doktrina hori atzera botatzeko eta presoak etxera ekartzeko», esan zuen larunbateko deialdiaren garrantzia nabarmentzeko.
Zigorra Rubenachi
Bestalde, Auzitegi Goren espainolak Rubenachi 197/2006 doktrina aplikatzea erabaki zuen, Arrotxapeako presoak Estrasburgoko Del Rioren epaian oinarriturik aurkeztu zuen helegitea atzera botaz.
Gorenak adierazten duenez, Del Rioren epaiaren aurrean helegitea aurkeztu zuen Estatu espainolak, «eta hori erabaki arte ez da indarrean izango».
«Soilik Areto Nagusiak aurreko epaia berresten baldin badu, jarri beharko ditugu martxan gisa honetako erabakiak indarrean jartzeko prozedurak», gaineratzen du Auzitegi Goren espainolak, horrelako erabakiak hartzeko araurik ez dagoela gehituta.
Gauzak horrela, Gorenaren arabera, Estrasburgoko Epaitegiak behin betiko erabakirik hartzen ez duen artean Estatu espainolak 197/2006 doktrina indarrean egongo litzateke. «Nazioarteko epaitegi horrek ez ditu irizpide horiek behin betiko atzera bota», dio. Ondorioz, Auzitegi Nazionalaren erabakia berresten du eta Rubenachen helegitea atzera bota du.