GARA > Idatzia > Euskal Herria

Autodeterminazioaren eztabaida ez dutela geldiaraziko esan du Errekondok

PPk autodeterminazio eskubidearen gainean Kongresuan hitz egiteko proposamena bertan behera utzi izana gogor kritikatu zuten atzo Amaiurrek, ERCek eta BNGk. Hala ere, eskubide honen inguruko eztabaida egin egingo dela nabarmendu zuen Xabier Mikel Errekondok.

GARA | MADRIL

Herrien autodeterminazio eskubidea arautzeko lege proposamenaren tramitea Madrilgo Diputatuen Kongresuan PPk ez onartzea erabaki izana salatu zuten atzo Amaiurrek, ERCek eta BNGk.

Xabier Mikel Errekondok (Amaiur), Alfred Boschek (ERC) eta Olaia Fernandezek (BNG) agerraldia egin zuten eta «antidemokratikotzat» jo zuten PPren jarrera, eta erabakitze eskubideari buruzko eztabaida ukatzea leporatu zioten.

Errekondoren esanetan, agerian geratu du Estatu espainiarraren «izaera antidemokratikoa» eta bertan dagoen «demokraziaren kulturarik eza». «Gure herrietako gizarteetan dabilen eztabaida ukatu nahi dute».

Hala ere, Amaiur, ERC eta BNGko diputatuek argi utzi zuten erabakitzeko eskubideari buruzko eztabaida, modu batera edo bestera, «egin egingo dela».

Ekimenaren hiru bultzatzaileek adierazi zuten oraingoz Kongresuko Mahaiak ez diela ebazpena modu ofizialean igorri, baina jaso bezain laster helegitea aurkeztuko dutela iragarri zuten.

Fernandezek «zentzugabekotzat» jo zituen PPk hiru alderdiek egindako proposamena ez onartzeko erabili dituen argudioak. «Benetako helburua zeharo demokratikoa den eztabaida bat ekiditea da», gaineratu zuen BNGko diputatuak.

«Kongresuan ez ezik, kalean ere baden eztabaida da autodeterminazioaren gainekoa», erantsi zuen Fernandezek.

Boschek azaldu zuenez, autodeterminazio eskubidearen gainean eztabaidatzeko aukera PPren bost botoei esker zapuztu zen. PSOEko hiru ordezkariek eta CiUk, berriz, alde bozkatu zuten. Hori dela eta, proposamenaren alde egin zuten alderdiei erakutsitako «izaera demokratikoa» eskertu zien ERCeko eledunak.

Dena den, zehaztu zuen PSOEk eta CiUk aldeko botoa emateak ez duela esan nahi bi alderdiok autodeterminazioaren edo independentziaren aldekoak direnik. «Gai hauetaz Kongresuan hitz egitearen alde azaldu ziren», nabarmendu zuen.

Honekin batera, Boschek autodeterminazioaren gaiak Kongresuko Mahaia bi zatitan banatu zuela nabarmendu zuen. «Ez dago iritzi bakarra eta honen gainean eztabaida dago», esan zuen.

Ildo honetan, Kongresuko Mahaia proposamenak Konstituzioaren aurka egiten duen ala ez erabakitzeko gai ez dela gaineratu zuen Boschek. «Auzitegi Konstituzionalari legokioke, baina ez Kongresuari», esan zuen. «Zentsura eta debekua pairatu ditugu», baieztatu zuen.

eskubidea

Autodeterminazio eskubidea jasotzen duten nazioarteko itunak Estatu espainoleko legeetan sartzea eskatzen du Amaiurrek, ERCek eta BNGk aurkeztu duten proposamenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo