Mikel Zubimendi Kazetaria
Katuak, txakurrak, intsektuak eta gu
Intsektuen misterioek beti kezkatu naute. Txikitan armiarmari euliak jateko ematen asko dibertitutakoa naiz. Termiten gizarte antolaketa, adibidez, bere primitibotasunean, sozialismo zientifikoaren aplikazio praktikotzat jo izan dut. Gizarte baten funtzionamendu harmoniatsua txinaurrien antolaketaren mirari politikoan egiten zait ikusgarri. Sorginorratzak ehizatzen ikusi eta ikasten dut. Kotxorroak sorginorratza ze erraz bidaltzen duen antzarak perratzera zinez kilikagarria egiten zait. Eta marisorginak ze mokadu ederrak egiten dituen sorginorratzen kontura, sorginduriaren irakasgai perlatzat daukat. Eltxoak, arkakuxoak eta zorriak, bere txikitasunean ze harri diren eta horrek gizakiok zenbat madarikatzen gaituen ikustea oso metafora indartsutzat daukat.
Labezomorroen ezdeusa zinez epopeikoa iruditzen zait ere. Milaka milioi dolar xahutzen ditu gizakiak labezomorroen kontrako gerra kimiko eta hormonalean eta, hala ere, labezomorroa beti zomorro eta beti gizakiari tirrit! Moztu burua labezomorroari, sartu beirazko ontzian eta biziko da egunetan, harik eta gosez hil arte. Apokalipsi nuklear batek ere ez lituzke akabatuko. Labezomorroak baiezta dezake, guk ez bezala, munduan biziko den azken izakia bera izango dela.
Azken buruan, zer gara gizakiok, ba? Batzuk kotxorro, asko eta asko (potro)zorri, marisorgin ala sorginorratz, labezomorro kaskagogor ugari Euskal Herrian, arkakuxo kontaezinak... Gizakiok, gure misterio ilun eta gartxuan, ez ote dugu intsektuen trazarik? Galderak... baieztapen janzkerak.
Egunkarian berri hauek irakurrita «epaileak otso bakarti islamista espetxeratu du», «Real Madrileko hienak Messi ñu kumearen kontra», «Frantziak `Serval operazioa'-rekin aurrera joko du», ordea, katu ala txakur, betikoan segitzen dugula ikusten da. Otsoak txakur, hienak genetikaz katu eta jokabidez txakur eta serbala -bere lurraldea gernuz markatzeko egunean 3o aldiz txiza egitearen berezitasuna duena- katu, katamotzaren lehengusu. Betikoan. Aukeran, txakurzale baino katuzaleago naiz. Asasino maitagarriok ezkongaitz direlako, polizia txakurrak ez bezala polizia katurik ez dagoelako seguruenik.