GARA > Idatzia > Kultura

«Zintzo ez jokatzea» egotzi dio Gerediagak Durangoko Azokako zuzendaria ohiari

Albisteak bazterrak astindu zituen atzo: Gerediaga elkarteak Aiert Goenaga Durangoko Disko eta Liburu Azokako zuzendaritzatik at utzi du. Azoka kudeatzen duen elkarteak ez zuen askorik argitu erabakiaren arrazoia, eta zaila izan dela aitortzeaz gain, «zintzo ez jokatzea» leporatu zion Goenagari. Azokaren eredua egon liteke kargugabetzearen atzean.

p044_f01.jpg

Amaia EREÑAGA | DONOSTIA

Gerediaga elkarteak otsailaren 2an hartutako erabakia (hilaren 5ean jakinarazi zioten Aiert Goenagari) atzo arte ez zen zabaldu, baina Azokaren barneko tirabirak ez omen dira berriak. Zurrumurruak, azkenean, egiaztatu egin dira, baita jakin-mina eta egonezina sortu ere, sare sozialetan atzo antzeman zitekeenez. Joan den ekainean Aiert Goenaga egoera berean aurkitu zen, baina orduan, zenbait iturriren arabera, erabakiaren aurrean sortu ziren kontrako iritzien eraginez, zuzendaritza lanean jarraitu ahal izan zuen. Azkenean, Gerediaga elkarteak bere kontratua ez berritzeko erabakia hartu duela egiaztatu zuen atzo.

2011ko edizioaren amaieran hartu zuen kargua Goenagak, Jon Irazabalen 30 urteko ibilbidearen ondoren. Azokak etorkizunean nolakoa izan behar duen hausnartu eta diseinatzeari ekin zioten orain lauzpabost urte, eta hartutako bide berriari erantzuteko zuzendaritza taldean aldaketak egitea onartuta Goenaga talde horren buru izendatu zuten. Iragarritako «estrategia aldaketa» gauzatzen hasi zen 2012ean, hain justu.

Gerediagaren oharra

Jakin-min handia sortu zuen Durangoko kultur elkarteak atzo arratsalderako iragarri zuen oharraren edukiak. Halere, oharrak erantzunak eman baino galderak sortu zituen. «Durangoko Liburu eta Disko Azoka ez da sekula izan, ezta izango ere, inoren proiektu pertsonala» esaldiak ematen zion hasiera prentsa oharrari. «Azoka ez du zuzendariak bakarrik egiten, lantalde osoak baino. Geure ia mende erdiko historian horrela egin izan dugu beharra eta era horretara lanean segitu gura dugu datozen urteetan ere».

2011n onartutako plan estrategikoaren urrats nagusiak berretsi ondoren -orduan etorkizuneko Azoka egituratzen hasi ziren, Azoka handitu eta elkarlanean eratzeko-, 2012ko edizioan izandako galera ekonomikoarekin lotzen du zuzendariaren kaleratzearen arrazoia. Iazkoa bisitarien aldetik arrakastatsua izan zen arren, «uste baino galera ekonomiko handiagoa eduki dugu -aitortu zuen Gerediaga elkarteak-. Hau guzti hau aintzakotzat hartuta, Gerediaga elkarteak erabaki bat baino gehiago hartu behar izan du eta, euren artean, Aiert Goenagari zuzendari kontratua ez berritzea».

Goenagak Azokaren eredu berria finkatzen egin dituen «ahalegin handiak» aitortu ondoren, «zoritxarrez, ez du zintzo jokatu Gerediaga elkartearekin» leporatzen dio. «Elkarte txikia da gurea eta erabaki zaila izan da. Jakitun gara, gainera, euskal kulturgintzan eragin duen kezka handia izan dela, baina erabakia errespetuz hartzea eskatu gura dugu eta, era berean, urte luze hauetan erakutsitako konfiantzari eustea nahiko genuke», dio bukatzeko.

Azokako gune desberdinetako taldeetako arduradunek Gerediaga elkarteari azalpenak emateko eskatu diote. Atzo goizean bilera egin zuten eta hurrengo egunetan emango dute beren iritziaren berri.

Tirabirak eta erantzunak

Halaber, eta zenbait iturriren arabera, arazoaren gakoa Azokaren ereduaren inguruko tirabiretan datza. Beti ere iturri horien arabera, zuzendari berriak kudeaketa horizontalagoa eraman du aurrera, beste eragileekiko elkarlanean oinarritutakoa. Dena den, maniobra politikoaren mamua ere azaltzen omen da nonbait.

Aiert Goenagak ez zion egoeraren gaineko baloraziorik egin nahi izan atzo goizean NAIZ-i, Gerediaga elkarteak zer zioen jakin ondoren egitea nahiago zuela-eta: «Ea zer esaten duten». Dena den, NAIZ-i egindako adierazpenetan ez zuen ukatu kudeaketa eredua eta Azoka kontrolatzeko afera daudela bera kargutik kentzeko arrazoien artean, baina ez zuen bere bertsioa publiko egin. «Bihar edo etzi [gaur edo bihar] jakinaraziko dut nire iritzia. Hitzak neurtu nahi ditut. Horrela gainera, kapituluka ezagutuko duzue istorioa».

Dena den, atzo iluntzean sare sozialetan jasotako elkartasun mezuak eskertu nahi izan zituen ondarroarrak. Bertan baieztatu zuen «Gerediaga elkarteak egindako akusazio larriari erantzuna emateko» gaur eguerdian prentsa oharra kaleratuko zuela.

Enpresa eta Administrazio Zuzendaritzan lizentziaduna, pertsona eta erakundeen kudeaketan espezializatua, Aiert Goenaga (Ondarroa, 1981), besteak beste, Gaindegia Elkartean, Euskal Herriko behatoki sozio-ekonomikoan, proiektu koordinatzailea izan da. Halaber, Lea-Artibaiko, Mutrikuko nahiz Busturialdeko «Hitza» hedabideko kudeatzailea ere izan da.

Iazko edizioaren balorazioa egin zuenean, Azokako zuzendaritzak oso bestelako irudia eman zuen. Joan den abenduaren 11n, hots, Azokaren azken egunean, Nerea Mujika, Gerediaga elkarteko lehendakariarekin batera komunikabideen aurrean egindako agerraldian pozik agertu ziren biak lortutako emaitzarekin. «Hauxe da bidea, iaz hasi genuen estrategia gogoan daukagu, pausoak horren gainean ari gara ematen, eta ikusten dugu bide egokia dela», aipatu zuen orduan Aiert Goenagak. «Gure estiloa urratsak astiro egitea da, eta emaitzek erakusten dute bide zuzenetik ari garela», berretsi zuen Nerea Mujikak.

Izan ere, hazi eta hazi ari den Azoka «hiri proiektu» baten bidea ari da hartzen, pixkanaka Durango osora zabalduz.

ERANTZUNA

Aiert Goenagak ez zuen baloraziorik egin nahi izan Gerediaga elkartearen oharra ondo aztertu artean. Gaur prentsa oharra plazaratuko du jaurti dizkioten «akusazio larriei» aurre egiteko.

Preocupación y llamamiento a los agentes culturales

En el comunicado que hizo público ayer la asociación Gerediaga, además de dar las razones que le han conducido a prescindir de su nuevo director, se hacía especial hincapié en su apuesta por un futuro en el que la veterana y prestigiosa Feria del Libro y Disco de Durango continúe siendo el mayor escaparate de la cultura vasca. Un futuro para que se diseñó un plan estratégico en 2011, en el que se lleva trabajando años antes y que, según apunta, continuará siendo el mismo y no variará, dando impulso a nuevas zonas dentro de la feria y con una mesa de coordinación que, dice, tendrá continuidad. El riesgo de posibles desmarques ante la situación creada se deja intuir en el comunicado enviado ayer por la asociación duranguesa, quien quiso recordar que «es una época difícil y, por eso, la asociación Gerediaga considera que las fuerzas tienen que estar bien unidas: continuaremos trabajando junto a todos los agentes culturales creando esta gran Feria».

La noticia del despido o la no continuidad de Aiert Goenaga, a pocos meses de la celebración de su primera feria como director de la misma, provocó sorpresa y preocupación en los ambientes culturales y editoriales. Aunque sí circulaban rumores sobre desavenencias internas en Azoka, la preocupación es inevitable ante la situación creada en torno a una de las principales citas de nuestra cultura. A.E.

ERABAKI ZAILA

«Elkarte txikia da gurea eta erabaki zaila izan da. Jakitun gara, gainera, euskal kulturgintzan eragin duen kezka handia izan dela, baina erabakia errespetuz hartzea eskatu gura dugu eta, era berean, urte luze hauetan erakutsitako konfiantzari eustea nahiko genuke», eskatu zuen Gerediaga elkarteak.

LEKUKOA

Aiert Goenaga ondarroarrak 2011n hartu zuen Jon Irazabalen lekukoa. «Bitxia da: ni lanean hasi nintzenean, ordezkari berria jaio egin zen», egin zuen txantxa Irazabalek. Etorkizuneko Azoka eraikitzea zuen eredu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo