GARA > Idatzia > Euskal Herria

Alderdiaren ardurak banatzeko barne hauteskundeak egingo ditu gaur Sortuk

GARA | BILBO

Sortuk barne hauteskundeak egingo ditu gaur Euskal Herriko zenbait herritan, militanteek nahiago dituzten hautagaiak aukera ditzaten.

Orotara, 250 herri eta auzotan deitu dituzte batzarrak, barne hauteskundeok burutzeko. Batzar bakoitzean herri mailako ardurak, eskualde edo hiriburuko ardurak, herrialdeko ardurak eta ardura nazionalak banatuko dituzte.

Ardura horiek hartzeko, aurreko hilabeteetan ehunka izen proposatu ditu Sortzaile prozesuan parte hartu duen kidegoak. Kontraste ariketa baten ostean osatu dira bozkatuko diren zerrendak.

Arraiz, presidenterako

GARAk ostegunean aurreratu bezala, Hasier Arraiz arabarra da Kontseilu Nazionaleko koordinatzaile izateko hautagaia. Idoia Aiastui, Juan Joxe Petrikorena, Marisa Alejandro eta Maite Ubiria dira Idazkaritzarako proposaturiko gainerako militanteak.

Hiru bozeramaile nazional izango ditu alderdiak. Barne hauteskundeotan Pernando Barrena, Amaia Izko, Xabi Larralde, Itziar Ameztoi eta Irune Sotoren artean hautatuko dute batzarrek.

Masa borrokaren arloko ardura Marije Fullaondok, Anjel Mari Elkanok edo Iñigo Baldak hartuko dute. Borroka ideologikoarako Iosu Lizarralde da hautagaia, eta borroka instituzionalerako Joseba Permach, Ibon Arbulu edo Marian Beitialarrangoitiaren artean aukeratu beharko dute.

Gatazkaren konponbidearen ardurari dagokionez, Rufi Etxeberria, Urko Aiartza eta Julen Arzuaga dira hautagaiak. Nazio mailako beste bost kide ere hautatuko dituzte, 10 laguneko zerrendatik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo