Sokatira Goma Gaineko Txapelketa
Badaiotzek eta Ibarrak Ezpeletan txapela dute jokoan, nesken 540 kilokoan
J.L.
Ezpeletako merkatu plazan jokatuko da gaur 17.00etan Euskal Herriko Goma Gaineko jardunaldia. Emakumezkoetan, 540 kilokoan, hirugarren eta azken jardunaldia izango da, eta gizonezkoetan, berriz, 600 kilokoan lehen ekinaldia jokatuko dute.
Emakumezkoetan lehia oso polita dago, izan ere, lehen postua erabakitzeko dago, eta gaur ere borroka handia izango da. Orain arte jokatu diren bi saioen ostean, Badaiotz eta Ibarra berdinduta daude.
Orain arte jokatu diren bi jardunaldietan Ibarrak eta Badaiotzek Bizindar beti mendean hartu dute, baina bien arteko demak berdinduta amaitu dira. Gaurkoan, ordea, hori apurtu arte jarraitu beharko dute lanean, aurreko bi saioetan egiten dutena egiten badute.
Gizonezkoen 600 kilokoan, berriz, lehen jardunaldia jokatuko da leku berean. Parte hartuko duten taldeak, honako hauek dira: Ibarra, Abadiño A, Abadiño B, Ñapurrak, Murueta, Amaiur, Baiona, Basaburua-Imotz, Txantrea, Sokarri, 6 Conceyos eta Baiona arituko dira. Bi multzotan banatuta neurtuko dira, eta amaieran postuak finkatzeko neurketak izango dira. Horrela, bakoitzeko bi onenak elkarren aurka arituko dira, eta horrela, postu guztiak erabakiko dira.
Orain arteko txapelak Abadiñok irabazi ditu, eta oraingoan ere beraiek aterako dira faborito. Ibarra oso ongi aritu zen 640koan, eta oraingoan saiatuko da gauza bera egiten. Ñapurrak izan zen hirugarrena. Ikusiko da pisu honetan ere hiru hauek diren indartsuenak, edo tartean norbait sartzen den.