GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Finalean izateko azken aukera

Nazabalek eta Zubiagak Atutxa II.aren eta Mugertza II.aren aurka jokatuko dute gaur finalerdietako itzulerako norgehiagoka Bilbon.

p050_f01_148x100.jpg

Jon LEUNDA

Unai Otañok eta Joseba Otaegik gaur jakingo dute zein izango den hemendik bi astera Azpeitian jokatuko den finalean aurrean izango duten bikotea. Floren Nazabal eta Jose Anjel Zubiaga, Aitzol Atutxaren eta Ugaitz Mugertzaren aurka arituko dira gaur, 12.00etan, Bilboko La Esperanza pilotalekuan.

Joaneko kanporaketa Nazabalek eta Zubiagak irabazi zuten, minutu eta erdiko aldea kenduz. Beraz, gaurko saioa irabazteko berez ere nafarra eta arabarra faboritoak direnez, joanekoan lortu zuten abantaila izanda, oraindik eta faboritoago dira finalean izateko. Atutxari eta Mugertzari ez diete balio gaur irabazteak bakarrik, aurka duten alde horri ere buelta eman beharra daukate. Nazabalek eta Zubiagak orain arte erakutsi dutena ikusita, oso zaila dirudi beraiek mendean hartzea. Hala ere, txapelketa honetako bikoterik gazteena saiatuko da ezustea eman eta finalean sartzen.

Bikoteek seina lan ezberdin egin beharko dituzte, eta guztietako denborak batu eta emaitza onena duenak lortuko du garaipena lortzea. Orain arteko probarik gehienak iraupen ekinaldian erabaki dira, eta gaurkoan ere horrela izango den itxura guztia dauka.

Bihar, berriz, Urrestillako pilotalekuan jokatuko dira Zilarrezko mailako final-laurdenetako bi saio, eta irabazten dutenek, finalerdietan elkarren aurka jokatu beharko dute. 12.30ean hasiko da ekinaldia, eta bi kanporaketa oso polit iragartzen dira. Alde batetik, Larrañaga eta Mugertza III.a, txapelketa hau irabazteko bikote faboritoa, Daniel eta Iker Vicenteren aurka neurtuko dira.

Larrañaga da behetik gora sekulako abiadan datorren aizkolari bat. Beregan itxaropen handia dago jarrita, eta sasoi onean baldin badago, min handia egin behar du. Berarekin, Mugertza III.a arituko da. Mutrikuarra ere maila oso oneko aizkolaria da, eta bikote oso indartsua osatzen dute. Beste aldean, Danielek gainerako guztiak baino eskarmentu gehiago dauka, eta berak gidatu beharko du bere seme Iker. Azken hau oso gaztea da, baina hemendik urte gutxi barru goi mailan ibili beharko duten aizkolari horietakoa da. Aurten gazte mailako Euskal Herriko txapelduna da.

Beste kanporaketan, Felix Etxeberria eta Eneko Otaño Oihan Larretxearen eta Aritz Irazabalen aurka neurtuko dira. Kanporaketa hau oso estua iragartzen da. Larretxea eta Etxeberria elkarren aurka arituko dira, baina jadanik laster Olasagastiren aurka jokatu beharko duten apustua prestatzen ere ari dira, eta ezberdintasunak ere markatu behar dituzte. Otaño eta Irabazal oraindik oso gazteak dira, baina hauek ere laster beharko lukete goiko mailetan, bikain baitabiltza.

Zilarrezkoa

Zilarrezko mailan, final-laurdenetako bi kanporaketa jokatuko dira bihar Urrestillan. Larrañaga eta Mugertza III.a Daniel eta Iker Vicenteren aurka neurtuko dira, eta ondoren Oihan Larretxea eta Irazabal, Eneko Otañoren eta Etxeberriaren aurka.

Azurmendi eta Irazu apustua egiteko asmoarekin batuko dira

Iñaki Azurmendik pasa den astean bota zion desafioa Jon Irazuri, eta gaur 19.00etatik aurrera Tolosako Kantabriko tabernan egongo da Arriarango aizkolaria.

Bera 12 oinbikotara jokatzeko prest dago, enborrak plazara erdibana eramanda. Dirutan 6.000 euro ere jokatzeko prest dago, eta apustua hiru hilabeteren barruan jokatu nahiko luke.

Lan handiko desafioa da, eta badirudi zizurkildarra hitz egitera joango dela, baina ikusiko da Irazuk desafioa botata dagoen bezala hartuko duen ala ez.

Irazuk aurten jadanik jokatu du apustu bat, eta sekulako itxura emanez irabazi zion Xabier Zalduari. Beraz, apustua hartuko balu, bere bigarrena izango litzateke. Azurmendik, ere apustu bat jokatu du orain arte. Olasagastiren aurka egin zuen, eta orduan galdu egin zuen. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo