Sarituko ote da inoiz esperantza eta etorkizun hobe baten perspektiba ematen duen argazkirik?
Argazki kazetaritzaren urteko erreferentzia handi eta entzutetsuena da World Press Photo lehiaketa. Sektorearen garapen eta sustapen globalaren akuilu izatea helburu duena. Lehiaketaren ondotik, saritutako argazkiekin erakusketa ibiltaria egingo da, munduan zehar berrogei herrialde baino gehiagotan milioika jendek bisitatuko duena.
Aurtengoan Paul Hansen argazkilariak Gazan ateratako argazki batek irabazi du sari nagusia. Irudian, Israelek jaurtitako misil batek hildako bi haur agertzen dira hainbat gizonen besoetan. Beste urte batez, ohikoa denez, (su)mina, tristura eta errukia sortzen duen argazki batek irabazi du, protagonisten sufrimendua azaltzen duena. Gizakion alderik makurrena egiaztatzen da, gerra injustua, giza jendearen desolazioa... baina galdera berehalakoa da: bizitzari baikortasun pittin bat emateko sikiera, sarituko ote da inoiz poza, esperantza eta etorkizun hobe baten perspektiba ematen duen argazkirik? Izan ere, badira pasioarekin, kolorearekin, teknika eta adierazpen gaitasunarekin beste alde hori ere ikusgarri egiten duten argazkiak. Agian World Press Photo ez da plataforma egokiena, baina merezi, merezi beharko lukete aitorpen bat.