Euskal Irratiak federazioak bere 30. urteurrena ospatuko du gaur Hazparnen, jaialdi berezi batekin
Euskal Irratiak federazioak ekitaldi berezia antolatu du Irulegiko Irratia, Gure Irratia eta Xiberoko Botza irratien 30. urteurrena ospatzeko. Era berean, Antxeta Irratiak 15 urte betetzen dituela nabarmenduko dute.
GARA | HAZPARNE
Donibane Garaziko Irulegi Irratiak, Baionako Gure Irratiak eta Mauleko Xiberoko Botzak osatzen duten Euskal Irratiak federazioaren 30. urteurrena gaur ospatuko dute, Hazparnen, pailazoak eta musika izango dituen jaialdi batekin.
Horrela, 17.30ean, Potxin eta Patxin pailazoak irtengo dira agertokira. Haurrek debaldeko sarrera izango dute eta 15 urtetik gorakoek, berriz, 5 euroko sarrera ordaindu beharko dute. Txartel berberarekin, helduek kontzerturako sarbidea ere badaukate.
20.00etan izango den kontzertuan Gose, Gatibu, Willis Drummond eta Itziarren Semeak taldeek hartuko dute parte.
Saio biren artean, 18.30ean, Hazparneko gau eskolakoek 2013ko Korrikako jantzien aurkezpena egingo dute, baita material hori eta taloak saldu ere.
Gaurkoa ez da ospakizun egun bakarra izango, datozen asteotarako ere ekimenak antolatu ditu-eta Euskal Irratiak federazioak. Martxoaren 2an, Sohütan, Bizardunak, The Uski's, Emon eta Xabi San Sebastianek joko dute Xiberoko Botzak antolaturiko kontzertuan.
Astebete beranduago, Donazaharren, Irulegiko Irratiak antolatutako beste kontzertu bat burutuko da; taldeak, momentuz, zehazteke daude.