Arabako eta Nafarroako Bertsolari Txapelketako saioak, Izarran eta Zubirin
GARA | BILBO
Arabako Bertsolari Txapelketan bost kanporaketa jokatu ondoren eta hamazortzi bertsolari sailkatuta, lehenengo finalaurrekoa jokatuko da gaur, Izarrako Kultur Etxean, 18.00etan.
Hiru astetan zehar hiru finalaurreko jokatuko dira Izarran, Aramaion eta Dulantzin. Saio bakoitzaren irabazlea zuzenean sailkatuko da finalerako, beste hirurak saio hauetan lortutako puntuazioaren arabera zain geratuko dira azkeneko finalaurrekoa Dulantzin jokatu arte.
Asier Otamendi, Irati Anda, Serapio Lopez, Orlando Arreitunandia, Rikardo Gonzalez de Durana eta Juan Mari Juaristi lehiatuko dira lehenengo finalaurrekoan.
Saiorako sarrera arruntek sei euroko salneurria dute, eta Bertsozale Elkarteko bazkideentzat, berriz, lau eurokoak. 16 urtetik beherakoek debaldeko sarrera daukate. Izarran bertan ez ezik, honako helbide digital honetan ere eskura daude sarrerak: www.bertsosarrerak.eu.
Nafarroa
Gaur amaituko dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako final-laurdenak, Zubirin egingo den saioarekin. Ohi bezala, sei bertsolari igoko dira oholtzara eta saioa amaitutakoan jakingo da zeintzuk izango diren finalaurrekoetara sailkatu diren bertsolariak.
Zubiriko saioa 17.30ean hasiko da, Gautxori jatetxeko aretoan. Honako bertsolariek hartuko dute parte: Oskar Estanga, Ander Fuentes Itturri, Ainhoa Aranburu, Iban Garro, Joxema Leitza eta Unai Uberetagoenak. Miren Bidartek aurkeztuko du saioa. Zubirin kantatuko duten bertsolarien artean, Unai Uberetagoenak lehen parte-hartzea du Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Horrez gain, Joxema Leitza arbizuarra txapelketara itzuli da, hainbat urtez parte hartu gabe izan ostean.
Saiorako sarrera bost eurokoa da; hiru euro, Bertsozale Elkarteko bazkideentzat eta 16 urtetik beherakoentzat. Leihatila arratsaldeko 16.00etan zabalduko da, aretoan bertan.
Zubiriko saioaren antolaketan Esteribarko Udalak eta Gautxori jatetxeak lagundu dute.
Finalaurrekoak
Zubiriko saioaren ostean jakingo da zeintzuk diren finalaurrekoetan arituko diren hamazortzi bertsolariak. Dagoeneko batzuk sailkatuta daude; Julio Soto iazko txapelduna hasieratik zegoen finalaurrekoetarako sailkatuta eta beste lau bertsolarik ere eskuratu dute hurrengo faserako txartela: Lizarrako saioko irabazlea, Xabier Silveira; Aldazko saiokoa, Migel Mari Elosegi «Luze»; Larraintzarko irabazlea, Julen Zelaieta, eta Iturengo saiokoa, Eneko Lazkoz.
Zubiriko saioko irabazleak ere finalaurrekoetara zuzenean sailkatzea lortuko du. Hortaz, beste hamabi postuak puntuazioaren arabera erabakiko dira.