GARA > Idatzia > Kultura

«Zuzeneko istanteak», Korrika ikusi, entzun eta gozatzeko

Martxoaren 14an abiatuko da Korrika Andoaindik, baina aurretik, Korrika Kulturalaren testigua eskuz esku dabil. Aste honetan Iruñean egin du geldialdia. «Zuzeneko istanteak» erakusketak musika, argazkilaritza eta masterclassak uztartzen ditu. Bilbotik eta Arrasatetik igaro ondoren, Irisarri, Gasteiz, Algorta, Errenteria eta Baiona bisitatuko ditu.

p053_f02_97x160.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Korrikaren testigua bezala, herriz herri dabil «Zuzeneko istanteak» erakusketa. Berrogei bat argazkik osatzen dute, 2011. eta 2012. urteen artean Musikazuzenean.com atari digitaleko kideek eginak, eta guztiek zuzenekoetara garamatzate, betirako iltzatuta geldituko diren istant horietara, «egungo euskal musika eszenaren erradiografia gaurkotua eginez», azaldu zuten antolatzaileek.

Andoaingo Basteron izan zen lehen aldiz erakusketa, baina orain, Korrika Kulturalerako berrikuntzak erantsi dizkiote. Erakusketa interaktibo bihurtu dute, hau da, argazkiak ikusteaz gain, horien audioa entzuteko aukera ere izango baita. Argazki bakoitzari informazio osotua ere erantsi diote: taldearen izena, argazkia eginiko lekua, taldearen eta argazkilariaren biografia bana...

Aste honetan Iruñean izan da erakusketa, bihar arte egongo da ikusgai Kale Nagusiko Hegan&Dream aretoan, eta astelehenean Irisarrira joango da. Ondoren, Gasteiz, Getxo, Errenteria eta Baiona ere bisitatuko ditu, azken hau Korrika bukatuko den hiria, hain zuzen.

Argazkilariak J.A. Areta Goñi Juxe, Josu Txintxurreta, Saioa Cabañas Gauilunak, Garbiñe Irizar, Makoki, Iñigo Serrano, Hodei Esteban, Guillermo Urkijo, Xavier Berrouet, Vik Fdz, Kepa Garro, Ainara Garcia, Egoitz Irizar, Jon Iraundegi, Arnaitz Eraso, Ander Kerejeta, Koldo Orue, Joseba Barrenetxea, Koldo Eizmendi eta Ibon Urizar dira.

Taldeei dagokienez, denetik topa daiteke. «Irudiek Euskal Herriko musika eszenako eremu ezberdinak irudikatzen dituzte: jaialdi handietatik gaztetxeetako eszena undergroundera, herriko plaza edota tabernetako kontzertuak barne».

Kontzertu eta masterclassak

Erakusketaren aitzakian, ekitaldi sorta antolatu dute bisitatzen duten herri bakoitzean. Zigor DZ (Esne Beltza, Selektah Kolektiboa, Fermin Muguruza...) masterclassak eskaintzen ari da. DJ fenomenoaren jatorria eta bilakaera azaltzeaz gain, bere lanaren hainbat trikimailu irakasten ditu ordubeteko ikastaro azkar eta libre batean.

Zuzeneko argazkien erakusketa izanik, zuzeneko emanaldiak eta solasaldi musikatuak ere ari dira egiten. Gaur gauean esaterako, musika maratoia egingo da Iruñeko Terminal, Herriko, Iruñazarra, Infernu, Tortilla eta Zulo tabernetan.

Antzerkia, musika eta pailazoak herriz herri

Erakusketaz gain, Korrika Kulturala beste hainbat ekintza ari da antolatzen aste hauetan zehar. Igandean, esaterako, «Gazta zati bat» dokumentalaren soinu bandaren emanaldia egingo dute Leitzan. Zineman izango da, 19.00etan hasita, bost euroren truke. Soinu bandaren emanaldiak Amurrion, Donostian, Ordizian eta Gernikan ere egingo dira datozen asteetan. Bestalde, Gasteizen, «Pisukideak» antzezlana taularatuko da datorren asteazkenean, Beñat Etxepare antzokian. Sonia Villamorek eta Jon Zubiagak antzeztu eta zuzentzen duten lana da, Peru Magdalenaren testuarekin. Musika, berriz, Ander Garaizabalek egin du. Egoerak muturreraino eramanda, umorezko antzezlan honek Markos eta Matilde pisukideen balentriak taularatzen ditu. Markos idazlea da eta apur bat frustratuta dago. Matilde aktorea da. Porrot egin du. Denbora eta ahalegina eskaintzen dizkio lanbideari, baina ia ez du kobratzeko lanik lortzen. Markosek, bere utzikeria dela eta, ernegatu egiten du. Emanaldirako sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena eskuratu beharko da AEKn edo antzokian. Ondoren Aretxabaletan, Bilbon, Berriozarren, Erandion, Basaurin eta Laudion ere ikusi ahal izango da.

Korrika Kulturalak beste antzezlan bat ere izango du, «Balitzen Hioa», hitzekin, bertsolariekin eta aktoreekin osatutako elkarlana. Gai baten inguruan lau bertsolari jarri dituzte idazten, eta testu horiekin osatu dute «Balitzen Hioa», «hitzen balioa aurkitu nahi genuen... eta hizkiak lekuz mugitu zaizkigu». Ainhoa Alberdik zuzenduta, Begiradak taldeak taularatuko du lana, Esti Curiel, Leire Ugarte eta Hodei Unzueta aktoreekin. Hilaren 21ean Tuteran izango dira, eta gero Eskoriatzan, Santurtzin, Villabonan eta Igorren. Haurrek ere izango dute gozatzeko aukera, Pirritx Porrotx eta Marimotots emanaldi bereziak eskaintzen ari baitira. Zalla, Gernika eta Kanpezu bisitatuko dituzte martxoan. Azkenik, Esne Beltzak ere, bere azken kontzertuak eskainiko ditu Olaztin, Arrasaten eta Baionan. Informazio gehiago, www.korrika.org atarian. A.A.

MUSIKA MARATOIA

Iruñean bihar izango du erakusketak azken eguna. Gaur gauean kontzertu maratoia egingo da Alde Zaharreko hainbat tabernatan. Erakusketaren nondik norakoak zuzenekoistanteak.com atarian topa daitezke.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo