GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Eskuin muturreko ideiak bereak egiten ditu apezpikuak»

p018_f01.jpg

Michel Oronos

Idazlea eta euskalzalea

Sortzez baigorriarra, Michel Oronos Baionan bizi da. Teologian lizentziatua eta filologian doktoratua da. Apez izateko bidea hartu zuen, eta, 70eko hamarkadan elizatik urrundu ondoren, Sedan, Istanbul eta Bordele ondoko Artigues herrian aritu da helduei erakasten. Azken urteotan hainbat liburu kaleratu ditu, horien artean, elizaren bilakaera aipagai duen «Testament du Chanoine S».

Ainize BUTRON | BAIONA

2008ko azaroaren 30ean hartu zuen Baionako apezpiku kargua Marc Ailletek. Elizaren ideologia tradizionalistarekin duen lotura iritsi eta berehala ikusi da Baionako karriketan, baita komunikabideetan ere. Lau urteotan Ailleten adierazpen, jarrera eta ekintzak biltzen aritu da Michel Oronos idazle eta apez ohia. Bilduriko idatzi guztiak baturik, «Enfin don Aillet vint» kaleratu du, apezpikuari buruz frantsesez idatziriko panfletoa. Berehala agortu dira aleak. Dagoeneko hirugarren argitalpena prestatzen ari da.

Liburuxka hori kaleratzearen xedea zein zen... probokatzea?

Nire helburua ez zen bazterrak nahastea, baina aipatzea. Eta geroari begira, historialariek funtsezko analisiak egin ditzaten lana erraztea. Ez nuen uste horrenbeste arrakasta ukanen zuenik, edo galdera bati erantzunen zionik. Horrek plazer egiten dit.

Elizaren mundua hurbiletik ezagutzen duzu. Apeztu zinen 60ko hamarkadan...

Apeztu ondoren, Afrikan, Boli Kostan, egon nintzen sei urtez, eta azkenik, urte bat pasa nuen Baionan, katedralean, bikario bezala. Ez nintzen batere laketu bertan. Ondotik, Belgikara joan nintzen, eta ikerketak eta gogoetak egin nituen bertan. Ez ditut Elizarekin loturak moztu, baina, nire bizia eraman dut nire gisara. Kontzilioaren aitzineko Eliza ezagutu dut, eta ondotik izan diren aldaketak bizi izan ditut ere. Uste nuen denbora horretan Eliza arrunt berrituko zela, baina laster ohartu nintzen ez zela funtsezko aldaketarik izanen, eta nire bizia eraman dut bazterrean erakasle bezala.

Eta, orain...

Aldaketa handi bat sendi dut gure Iparraldeko Elizan, eta hori biziki gaizki hartu dut. Marc Aillet apezpikua eta bere bi kideak -idazkaria eta komunikazio arduraduna- indar gorrian bezala iritsi dira hona. Manatu eta nahi duten Eliza eraiki nahi dute hemen, eta hori ez dut onartzen. Iritsi eta berehala adixkideak atzeman dituzte. Liburuan «La semaine du Pays Basque» lekuko astekariarekin dituzten loturak salatzen ditut.

Lau urteko lana eraman duzu. Zerk bultzatu zaitu?

«Le testamen du Chanoine S» liburua kaleratu nuen apezpikuak kargua hartu zuelarik. Liburu hori diozesaren Lapurdi Irratia irratian aipatzea debekatu zuen apezpikuak. Garai berean, Benedikto XVI.a aita sainduak, eskumikatuak izan ziren lau apezpiku tradizionalista berriz bildu nahi izan zituen Elizara. Ailletek berehala txalotu zuen aita sainduaren erabaki hori. Garai berri batean sartzen ginela ohartu nintzen, eta bilakaerak hurbiletik segitu behar nituela pentsatu. Liburuan apezpikuak kaleratu dituen ideia eta adierazpenak bildu ditut. Tradizionalistei begira eman dituen urrats guztiak, biziaren aldeko mugimendua hemen sartu nahi izan zuen garaia, Euskal Herriaren alde erakutsi duen axolagabekeria... Hamabi lema daude liburuan, eta tartean, gertakari txiki batzuk aipatzen ditut.

Nola laburbilduko zenuke Baionako apezpikua...

Le Salon Beige izeneko eskuin muturreko webgunean idazten du. Kontserbadorea izateaz gain, eskuin muturreko ideiak bereak egiten ditu.

Lekuko apez batek, alta, Ailleti esker elizak bete direla esan berri du. Orokorrean, ez da Elizaren munduan bere aurkako hitzik entzuten...

Egia da kezkagarria dela deus ez entzutea. Beste apez batek dio gure erranengatik elizak husten direla. Euskal Herriko elizak aspalditik hustuak dira. Gainera, Aillet, ez da batere axolatzen Iparraldeko nortasunaz. Fedea eta Kultura izeneko elkarte bat bada, eta horiek, euskaldunei begira zer-nolako pastoralgintza beharko lukeen izan lantzen aritu dira. Duela hiru urte Ailleti proiektua aurkeztu zioten, baina, azken horrek ez dio sekulan segidarik eman.

Azken hilabeteotan argi ikusi da apezpikua oso gizon mediatikoa dela, baina lekuko Elizaren ibilmoldean zer aldatu du?

Iritsi bezain laster katedrala bere eliza bezala atxiki zuen, eta San Andreseko eliza Baionako parrokia nagusi izendatu zuen. Bestalde, hogeita bost apez lekuz aldatu zituen. Hurbileko bikario orokor berriak hartu zituen eta beste guztiak kanporatu. Hori da bere apezpiku denborako bekatu originala. «Nire egia badut eta hemen ezarriko, oinarrituko eta banatuko dut» pentsatuz etorri da... apezak eta apezpikuak zerbitzu egiteko daude, ministerio bat bezala!

Pariseko manifestaldirako AHT bat bete duelarik, argi ikusi da bere erranek oihartzuna badutela hemen. Horretan abila da. Ez da beldur eta maite du bere burua agertzea. Halere, Biarritzen gertatutakoak poztu nau, apezpiku horretaz beldur ez direnak badirela ikusi baita. Oihartzun asko galdu duela uste dut. Halere, anbizio handiko gizona da, eta ez du bere burua hona mugatzen.

«Euskal Herriko bost apezpikuak familia berekoak dira»

Marc Aillet, Benedikto XVI.a aita saindua izendatu eta berehala iritsi zen Baionara...

Bai, eta lotura handia dauka bere ideiekin. Benedikto XVI.ak kargua uzteko erabakia hartu duelarik, bere burua umezurtz bezala ikusten zuela esan omen du Ailletek. Estremismoa eta eskuineko ideiak dira Benediktorekin Elizan hedatu diren kontzeptuak. Tomismo filosofia berriz indarrean sartu da Erroman, betirako teologia dela diote. Hori ezinezkoa da! Baionako apezpikua bide berdinetik ari da. Tomista filosofian doktorea dela dio. Oraingo teologo handiek ez dute sekula ideia hori onartzen. Orain aitzineko teologiari berriz itzuli nahi dute, eta apezpiku hau horretan dago.

Zergatik bidali dute, zure ustez Aillet bezalako apezpiku bat Baionara?

Nire irudiko Erroman estrategia bat bada. Euskal Herrian, badira bost elizbarruti eta bost apezpikuak mota eta familia berekoak dira. Elizan, pentsatzen dut estrategia bat badela. Zendako lotzen dira Euskal Herriari? Beharbada fede handiko leku bat izan delako. Ailletek badu Donostia eta Bilboko apezpikuekin harreman handia. Badu lotura ere Opus Deiko kideekin, eta Iruñean duten unibertsitatearekin. Sarea osatzen dute.

Heldu diren apez berriak Ailleten ildo berekoak direla ematen du...

Bai. Teologia bestelakoa balitz, ez lukete gaur egun lekurik. Parrokietan diren apezak apezpikuaren ondotik ibili behar dira. Benediktoren ideiek kutsatu dute Eliza osoa. Kazetariek diote aita saindu berria Afrikatik etorriko dela. Afrikako berriak hurbiletik jarraitzen ditut, han diren kardinalak ildo beretik doaz. Sistema horrelakoa da. Beharbada sorpresa izango da, baina aldaketak ez dira Asia edo Afrikatik etorriko, han Eliza oso kontserbadorea baita. A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo