GARA > Idatzia > Kultura

«Pornoterrorisme» liburua kaleratu berri du Gatuzain argitaletxeak

Baionako katedrala aukeratu zuen Diana J. Torresek «Pornoterrorisme» izeneko liburua aurkezteko. Marc Aillet apezpikuari ale bat eskaini zion, eta sexualitate aske bat garatzeko beharra aldarrikatu zuen.

p055_f02_150x100.jpg

A.B. | BAIONA

Diana J. Torresek idatzitako «Pornoterrorisme» liburua kaleratu berri du Gatuzain argitaletxeak. Espainoletik frantsesera itzulia, bertan, Torresek «aktibista eta performer» bezala eraman dituen esperientzien berri ematen du. Atzo, Baionako katedralaren aitzinean aurkeztu zuen liburua Torresek, eta ekimena baliatu zuen Marc Aillet apezpikuari liburuaren ale bat eskaintzeko. Liburua aipatzerakoan, idazleak argi utzi zuen berez ez dela idazlea, baina lan horren bidez «publiko zabal» bat ukitu nahi izan duela.

«Nire irudiko ezinezkoa da iraultza bat egitea gorputza kontuan hartu gabe, hots praktika sexuala bigarren maila batean utziz», azpimarratu zuen. Egungo gizartean sexualitatea izateko aukerak ixtea helburu duten «etsaiak» salatu, eta sexualitate askea aldarrikatu zuen, izan ere, idazleak. Bere esperientzian oinarrituz, horretara heltzeko instrukzioak ematen ditu liburuan. «Pornoterrorismo» izenburuari dagokionez, 2006an performance bat egiterakoan, ikusleak erakartzeko bururatu zitzaiola jakinarazi zuen. «Hitz horrekin deigarria izan nahi nuen, ondotik, nire aurkezpen baten definizioa izan da», esan zuen, azkenik. Liburuarekin batera hitzaldia eskaini zuen atzo gauean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo