Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Idazlearen ahotsa (II)
Stephen King izena eta literatura popularra gauza bera dira egun. Berdina gertatzen zaie armen jabetza eta erabileraren aldekoei Kingen adierazpenekin. Gustuko duten idazlea izanik, ezin dute ulertu nola egon daitekeen haien kontra.
Izan ere, armen jabetza eta erabileraren aldekoek ezin dute ulertu gogoko duten idazle bat haien kontra agertu izana. Ziur aski une honetan Stephen King bere buruari galdetzen arituko da nola den posible bere literaturak halako arrakasta izatea AEBetako talde kontserbadoreen artean, baina hala da. Hain zuzen, bere literatura zerbaitengatik bada ezaguna publiko orokorrarengana iristeko bere ahalmenagatik da¯hots, berea ez da literatura sofistikatua, aitzitik, kultura popularreko gaiak (obsesioak batik bat) izaten ditu hizpide¯.
Duela hiruzpalau urte, literatura «erraza» idazten duen idazlea dela entzuteaz nazkatuta, literatura «serioa» sortzeko gai dela (uler bedi «benetako» idazlea dela) frogatu nahi izan zuen nobela «serio» bat argitaratuta. «The New York Times Literary Supplement»-en iruzkina egin zioten liburuari; kritikariaren arabera, nobela ez zen batere txarra, baina ez zitzaion Kingen tankerako literatura iruditzen. Beste modu batera esanda, kritikariaren aburuz King ona eta arrakastatsua da egiten duen horretan, eta ez du zertan erregistroz aldatu.
Irakurleak ez luke azken hori ulertuko, Kingen literaturari dagokionean aurreikuspen batzuk dituelako. Stephen King izena eta literatura popularra gauza bera dira gaur egun. Beste horrenbeste gertatzen zaie armen jabetza eta erabileraren aldekoei Kingen adierazpenekin. Gustuko duten idazlea izanik (Kingen literatura ez da bereziki apurtzailea AEBetako kultura errepresentatzeko orduan), ezin dute ulertu nola egon daitekeen haien kontra. Horrelako egoeretan, ohikoa izaten da idazlearen iritzia zentsuratzea.