GARA > Idatzia > Kultura

Ismael Serranok disko berria aukeztuko du Victoria Eugenia antzokian, asteazkenean

 

GARA | DONOSTIA

Ismael Serrano Victoria Eugenia antzokian arituko da datorren asteazkenean, hilaren 20an. Musikaria «Todo empieza y todo acaba en ti» zortzigarren diskoa ari da aurkezten agertokietan eta Donostian ere hori egingo du. Izenburuak ideia bati jarraitzen dio: «Gure baitan bilatu behar dugu etorkizuna argitzen duen sugarra, bide berri bat bilatu behar dugu mundu hobe baterantz».

Ismaelek disko hau berriro haste bezala definitzen du. «Maite ditudan musika guztiak daude bertan, nire eragin guztiak, eta batura horretatik soinu berri bat sortu da: erabatekoa, dinamikoa», azaltzen du artista madrildarrak. Kantautorearen esanetan, abestiak irekitzen eta ixten diren loreak bezalakoak dira, non pieza bakoitzean baretasun-une bat eta ondoren leherketa bat dagoen.

«Todo empieza y todo acaba en ti» maitasun eta borroka kantuz osatuta dago, baita eguneroko kontakizun samurrez ere. Diskoan «Despierta» izeneko kanta bat dago, adibidez, eta musikariaren ustetan hori da lan berri honen gakoetako bat. «Denbora nahasiak bizi ditugulako, esnatu beharra dago, eta uste dut, nola edo hala, azkenean esnatu eta gauzen egoera hau aldatuko dugula, eta herritarra jarriko dugula gobernuen jardueraren benetako neurritzat. Mundu osoan haserretutakoen mugimenduek halaxe erakusten dute. Disko hau esnatzeko dei bat ere bada, berriro hasteko dei bat».

Kontzertua 20.00etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude jada, 35, 33 eta 26 euroan. Ismael ez da bakarrik izango taula gainean. Bertan izango dira Jacob Sureda teklista eta koproduktorea eta Javier Bergia abeslari eta perkusio-jotzailea ere, disko berria aurkezteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo