GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baionako ospitaleak 25.000 metro karratuko eraikin berria inauguratu du

p019_f02.jpg

GARA | BAIONA

2003an abiatu ziren Baionako eta Lapurdi Kostaldeko ospitale nagusia handitzeko obrak. Orotara, San Leon auzoan kokaturiko jatorrizko gunearen inguruan 78.000 metro karratu gehitzea zen proiektuaren xedea, Baionako erietxea aktibitate polo nagusia bilakarazteko. Atzo goizean, Michel Glanes zuzendariak 2014. urteari begira amaitutzat emango diren obren bigarren fasearen inaugurazioa burutu zuen. Ilargi erdi baten itxura dauka eraikinak, eta sei solairutan banaturiko 25.000 metro karratuko azalera du. Ebakuntza gunea, kardiologia, erradiologia, minbizi gunea eta hematologia guneak bilduko dira eraikin berri horren sei estaietan.

2.900 langile ditu erietxeak gaur egun, eta hamar urtez gauzatuz joan diren handitze obren bidez zerbitzuen arteko antolaketan «koherentzia» handiagoa izatea nahi dute egiturako buruek, solairu bakoitzean espezializazio bat finkatuz.

2010ean, izan ere, berrikuntza lanen lehenengo fasearekin, amatasun zentro berria inauguratu zen. Orduz geroztik zerbitzuaren aktibitateak gora egin duela esan zuten atzo arduradunek. «Zerbitzu bakoitzean, gaixoak erosoago izateko, bakarkako logelei eman diegu lehentasuna», argitu zuten atzo.

Hamahiru gelako ebakuntza bloke bat, erradiologia eta kardiologiarako beste lau gela, hiru IRM eta bi eskaner biltzen ditu besteak beste gune berri horrek. «Berrikuntza lan horiei esker Baionakoa bezalako erietxe orokor batean gutxitan ikusten diren teknika berritzaileak jasotzeko parada daukagu», gehitu zuten. Bestalde, ospitalean autoa aparkatzeko dagoen leku eskasiari aurre egiteko, eraikinaren bi sarreretara iristen diren doako autobusak jarri dituzte. Egunero, goizetik arratsera ibiliko dira. Horiek horrela, lanak 2014an pediatria zerbitzuarekin amaituko dira.

Sokorri autonomoa

Handitze obrekin batera, Michel Glanesek 2017ra begirako osasun proiektua gauzatu zuela jakinarazi zuen berrikitan. Egitasmo horren barne sartzen da Donapaleun kokatutako Sokorri erietxea. 2013ko maiatzaren 1etik goiti Sokorrik zuzendari berria izango duela jakinarazi zuen. Eta Baionako erietxearen kudeantzapean geratu arren, ibilmoldean guztiz autonomoa izango dela azpimarratu zuen Baionako zuzendariak, berezko aurrekontu batekin.

Egungo klinika itxi, eta herri elkargoaren lurretan finkatu beharko luke erietxe berriak datorren uztailean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo