GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Adam ONDRA | eskalatzailea

«Kateatze egunean ez nintzen batere fin ibili; ia mirari bat gertatu zen!»

20 urteko eskalatzaile txekiarrak «ozen» hitz egin du, eta beste behin aldarrikatu du muturreko zailtasunaren eboluzioa bere eskuetatik pasatzen ari dela. Pasa den 7an «La dura dura» bidea sinatu zuen, baita harentzat 9b+ gogorra proposatu ere. Hots, iazko urrian Norvegian kateatu zuen «The change» marrarekin alderatuta, koska bat gehiago gehitu dio.

p040_f02_199x120.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Honako elkarrizketan irakurtzen den legez, txekiarra bidaia berezia egiten ari da muturreko zailtasunean. «La dura dura» da bere azken hizketa gaia.

Aitortu behar da «La dura dura» bideak denbora eta saio asko eskatu dizula; bederen, «The Change» marrarekin alderatzen badugu.

Hala da. Eta datu objektiboek hori adierazten dute. Olianan bederatzi aste (63 egun) pasa ditut. Hori bai, egun guztietan ez nuen bidea probatu. Gutxi gorabehera 37 egun izan dira, eta egun bakoitzeko saio bat edo bi egin ditut. Oro har, 70 bat saio egin ditut.

Kostata baina azkenean lortu duzu!

Bai, kateatzeko hilabete asko itxaron behar izan ditut, baina zuk diozun bezala, azkenean iritsi da! Eta harrigarriena da kateatze egun horretan ez nuela ezer espero. Harrigarria bada ere, aurreko egunarekin alderatuta, ez nintzen batere indartsu sentitzen. Baina, modu batera edo bestera, barruan neukan onena atera nuen, nire maila gorena eman nuen, bidearen giltzaren bi mugimendu horiek gainditu nituen, eta azaltzeko zaila egiten bazait ere, katera heldu nintzen. Sinetsezina izan zen!

Aitortu behar dut pauso batean hanka sartu eta urduritu nintzela. Bidearen lehen zatia ez dakit nola gainditu nuen: miraria izan zen! Nahiz eta ondo baino hobeto zehaztuta izan, giltzaren bi mugimendu horietan ia-ia erori nintzen. Heldulekuak eutsi, hankak airean eduki... eta, esan dudan bezala, itsatsita geratu nintzen. Atseden lekuan nengoen, ia arnasarik gabe eta bihotzaren taupadak erabat azkartuta. Lasaitasuna berreskuratu behar nuen, burua bere lekuan jarri eta prest egon 8b graduko azken sekzioari ekiteko. Baina gorputzaldi kaskarra nuen: gorputza minberatuta nuen eta besaurreak txikituta. Chris Sharmak mezua bidali zidan esanez bisitan zetorrela. Egun librea hartzea pentsatu nuen, ez nuen kezkarik... agian, horrek guztiak lagundu zidan.

Argi dagoena da denbora kontua zela.

Aurreratu dudanez, bezperan oso indartsu eta motibatuta nengoen. Oso ondo eskalatu nuen, eta kateatze eguna zela pentsatu nuen. Baina dena pikutara bota nuen giltzaren azken bi mugimenduetan hanka sartu ondoren. Mugimendu batean oso estatiko joan nintzen; ez nintzen batere zehatza izan.

Zuk aurreratu duzun bezala bideak bi zati ezberdin ditu.

Lehen 20 metroak oso gogorrak dira; muturreko 15 mugimendu ditu! 8 aste behar izan nituen horiek gainditzeko. Hori 9b/+ izan daiteke. 5 metro ez hain zailak eta atseden lekura iristen zara. Belauna sartu eta eskuak askatzeko aukera duzu. Azken 20 metroek 8b zailtasuna dute. Blokeko pauso gogorrak ditu, oso intentsua da eta benetan zaila.

«The Change» bideari 9b+ eman zenion, eta zailtasun bera proposatu duzu «La dura dura» marrarentzat. Hala ere, bigarren hau pixka bat gainetik egon daiteke?

Lehenik eta behin aipatu behar dizut 9b+ gradukoa dela. Eta bigarrenik, bai, «The change» baino gogorragoa iruditu zait. Agian, «La dura dura» 9b+ gogorra da, baina «The change» ere 9b+ da. Olianako marra iaz probatzen hasi nintzenean zaila iruditu zitzaidan, baina egun are gogorragoa iruditzen zait.

Haatik, esan daiteke bi bide horiek ezaugarri berdintsuak dituztela.

Biek ala biek hasierako sekzioan blokeko muturreko mugimenduak dituzte, eta amaiera, berriz, exijentea dute. «The change», adibidez, nire estilokoa da. Mugimendu batzuk oso espezifikoak dira eta flexibilitatea eskatzen dute. Hori nire estiloarentzat oso egokia da.

«La dura dura» marraren hasiera, berriz, askoz ere gogorragoa da. Baina, aurreratu dudan bezala, biek ala biek osagai berdintsuak dituzte; jakina, berezitasunak ahaztu gabe. Hitz batean esanda, «The change» teknikoki pixka bat zailagoa eta espezifikoagoa da, baina ez hain gogorra.

«La dura dura» bidetik jaitsi eta ondoan dagoen Sharmaren «Fligth or Flight» bidean (9a) sartu zinen.

Iluntzen ari zen eta ordubete besterik ez nuen atseden hartzeko. Oso gutxi zen. Giltza aztertu eta katera arte eskalatu nuen. Bi egun beranduago poltsikoratu nuen. Egun berean bi bide horiek kateatzea oso ederra izango zen, baina oinak lurrean jarri behar dira. «La dura dura» bidearen eskarmentuarekin geratzen naiz; ederra izan da oso!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo