GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

«Charlie don't surf!»

Yankien zalditeriako txapel elegantea, galtza militar estuak eta habanar zigarroa ahoan, Kilgorek, bi surflariengana hurbildu, eta agindua berresten du: «You surf or you fight!». Kilgore koronelak arrazoi zuen: «Charlie don't surf!». Artean, irrati-kaseteko bozgorailuetan, Morrisonek abesten jarraitzen du, «This is the end, my only friend, the end,...».

Surflari Ernegatua

Francis Ford Coppola zine zuzendariak maisuki irudikatu zuen gerraren ironia «Apocalipsis Now» filmean. AEBetako gazteek, etxea, lagunak eta surf taula utzi, eta derrigorrezko zerbitzua bete behar zuten, Vietnamen. Belaunaldi hartako surflarien artean oso ezaguna zen esaldia: «You surf or you fight!». Surf egiten duzu edo borroka egiten duzu.

Robert Duval aktoreak «Kilgore» koronela antzezten du aipatu filmean. Helikoptero destakamendu bateko buru, Vietnameko lurretan sekulako sarraskiak egiten dituen pertsonaia harro, xelebre eta zoroa da Kilgore.

Bere gizonen artean surflari ezagun bat duela jakin ostean safari bat antolatzen du. Ezker-eskuin itzelezko olatuak lehertzen diren urautsi bat begiztatu omen du eta han surf egiten ikusi nahi ditu bere agindupean dauden bi soldadu.

Amerikarren etsaia Viet Cong taldea zen eta Charlie goitizenez deitzen zuten. Beraz, haiena izan zitekeen herrixka bat mendean hartzeko aitzakiarekin sekulako triskantza antolatzen du Kilgorek. Airetik, goitik behera, herrixkako etxe, eskola, ortu eta inguruetako nekazaritza guneak suntsitzen dituzten bitartean surf taulak ematen dizkie soldadu bilakatu diren bi surflariei. Hauek, halako egoera surrealista batean, gertatzen ari dena ezin sinetsirik, ez atzera ez aurrera geratzen dira hondartzan.

Urautsian, koralezko uharri gainean, morteroak erortzen dira, bata bestearen atzetik, eta kaosaren erdian bainujantzitan dauden bi surflariek kapitainari begiratzen diote, ziur ote dagoen egiaztatzeko.

Tiro hotsak, lur hartzen ari diren itsasontziak, helikopteroak, ziztu bizian doazen hegazkinak, eta babes bila arrastaka dabiltzan soldaduen artean, zutik dagoen bakarra da Kilgore. Yankien zalditeriako txapel beltz elegantea, galtza militar estuak eta habanar zigarroa ahoan, bi surflariengana hurbildu eta agindua berresten du: «You surf or you fight!».

Jarraian, Vietnameko oihan galdu hartan egiten ari diren napalm erasoen irudiak laguntzeko The Doors taldearen «The end» abesti famatua entzun daiteke. Autoan gidatzen zoazela entzuteko abesti zoragarria da.

Horrela noa autoan, Jim Morrisonen ahots sakona lagun, filmeko irudiak eta Parisen bisitatu nuen Morrisonen hilobia gogoan ditudala. Haren hilotza aztertu zuen forentseak «50 urtetik gorako norbait eta 1'90eko altuera» zuela idatzi omen zuen, parean zuena, egiaz, 27 urte eta 1'77eko altuera baino ez zituen abeslari ezagun baten zerraldoa zenean.

Lehen panela errepide ertzean, «45» dio. Artean, autoarekin batera baretu dira gitarra, baxu, bateria eta Floridako gaztearen ahotsa. Bigarren panel borobil bat, ertz gorriekin, «30» dio, moteldu gehiago abiadura. Eta jarraian, «Alto!».

Kilgore koronelak arrazoi zuen: «Charlie don't surf!». Artean, irrati-kaseteko bozgorailuetan, Morrisonek abesten jarraitzen du, «This is the end, my only friend, the end...».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo